Arrasaten ia 270 neska-mutiko elkartu dira Txatxilipurdiren bueltan, 28 hezitzaileren gidaritzapean, eta askotariko ekintzak dituzte aurrez aurre. Bergaran 525 ume dabiltza Jardunekin, herrigunekoak, Angiozarkoak eta Osintxukoak kontuan hartuta. Oñatin ere beste 525 ume elkartzen dira atzotik 47 begiralek lagun eginda eta San Fermin eguna berreskuratuko dute aurten. Eskoriatzan ere hasi dituzte udalekuak 215 neska-mutikok 25 begiralerekin.
Antzuolan 179 elkartu dira eta horiei batuko zaizkie domekan Aiherratik iritsiko diren beste bederatzi ume. Hilaren 13a arte jardungo dute udalekuetan guztiek, herriko jaiak hasi artean hain zuzen ere. Aramaion 86 ume izango dira bihartik elkartuko direnak bederatzi begiraleren gidaritzapean eta Legutiora eta Otxandiora egingo dituzte irteerak, besteak beste. Elgetan, ostera, 63 neska-mutiko elkartzen dira joan zen asteaz geroztik, eta eguraldia lagun, bihar eta etzi ur putzuak izango dituzte herrian bertan. Eta Leintz Gatzagan ere atzo hasi zituzten udaleku irekiak 10 bat umek.
Aretxabaletan Loramendi elkarteak hartu du udalekuen ardura aurten eta 326 neska-mutikok jardungo dute 35 begiralek lagun eginda. Aurrez aurre ekintzaz betetako hiru aste dituzte, berritasun eta guzti.
Askotariko ekintzak
Askotariko ekintzak izango dituzte herri guztietan: irteerak inguruko auzoetara, igerilekuetara eta hondartzara, egun bereziak –sanferminak, Euskararen Eguna…–, jolasak, eskulanak… Hori jakinik, neska-mutikoek gogotsu ekin diete aurrez aurre dituzten egunei.