Informatikari izateko hezkuntza eskaintza osoa izango da aurrerantzean bailaran

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko mai. 3a, 16:00

Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren eta Arizmendi Ikastolaren arteko hitzarmenari esker, informatika arloan hutsetik gradura arteko bidea egiteko aukera izango dute ikasleek aurrerantzean Debagoienetik irten gabe. Izan ere, erdi mailako gradu berri bat emango dute Arizmendin.

Informatika ikasketa integrala eskainiko da bailaran. Ohiko bidea izan da DBH bukatu, batxilergoa egin eta gero unibertsitatera joatea; orain, berriz, toki berera iristeko beste bide bat dago: erdi mailako zikloan hasi, goi mailako ziklora pasatu eta unibertsitatean jarraitu. Bide horretan, lehen ez bezala, gaur egun ez dago sarrera probarik edo bestelako oztoporik. Gainera, Arizmendiko Lanbide Heziketako arduradun Edurne Erauskinen arabera, hitzarmenak beste "balio erantsi" bat dauka: “Ikaslea urtez urte, zikloz ziklo, murgilduta egongo da informatika munduan. Alde handia dago heziketa zikloetatik unibertsitatera heltzea edo bertatik pasatu gabe, hutsetik hastea unibertsitatean”.
                
Nobedadea da erdi mailako zikloa, 16 eta 18 urte arteko ikasleei zuzenduta eta mikroinformatikaren sistemak eta sareak jorratzen dituena. "Gure bailaran, heziketa ziklo hori ez da eskaintzen eta gaur egun berebiziko garrantzia duen sektore batek heziketa zikloetan zuen hutsunea betetzera dator. Zikloa ahalik eta modu praktikoenean planteatuko dugu, kontzeptuak eta alde teorikoa albo batera utzi gabe", adierazi du Arizmendi Ikastolako informatika irakasle Beñat Irazabalek.

Ziklo horretarako tailer praktikoa egingo dute gainera, bihar, eguaztena, Arrasateko Ferixalekuan arratsaldeko 16:00etan.

Erdi mailako ziklo hori egiten dutenek, aukera izango lukete gero Sareko Informatika Sistemen Administrazioko Goi-mailako teknikari titulua lortzeko, eta baita ingeniaritzan gradu bat.

Mondragon Goi Eskola Politekniko Gorka Aretxagaren arabera, 2020rako 3.000 lanpostu berri sortzea aurreikusten da telekomunikazio, elektronika eta informatika enpresen sektorean. Eta beraz, aurrerantzean bailaran erantzun oso eta integral bat emango zaio horri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak