Autobidea, Beasaingo Nazional 1etik Bergarako saihesbidera doana, Antzuola zeharkatuta, martxan dago, Antzuola-Bergara zatia izan ezik. Lan hauek egiten jarraitzeari martxoan ekingo diote eta honekin batera, Gipuzkoako Biribilgunea bukatutzat emango da.
AP-1ekin konektatzen den Antzuola-Bergara zatiak ia bost kilometro ditu, eta saihesbidea amaitzearen exekuzio proiektua UTE UZARRAGA (Zubieder, Mariezcurrena, Tesinsa eta Urbycolan) enpresek osatzen duten aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaio 41.724.085,81 eurotan (BEZik gabe].
Hala, 25 hilabeteko iraupena izango dute lan hauek, eta 2019ko udaberrirako lanak amaituta izatea aurreikusten dute. Modu honetan amaiera eman nahi zaio errepide tarte honetan azkeneko urteotan izan diren gorabehera eta arazoei.
Bergara-Beasain 11 minututan
Bergara eta Beasain arteko bidaia 11 minutuan egin ahal izango da errepide osoa erabat amaituta dagoenean.
2015ean, obren gainkostuagatik, bertan behera geratu ziren lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiak -orduan Bildu zegoen gobernuan- enpresa eraikitzaileekin kontratua bertan behera utzi ostean. Ordura arte, lanengatik, 44 milioi euro gastatu zituzten. Orain, azken tramua amaitzeko, beste 41,7 milioi euro daude aurreikusita. Honenbestez, sei urteren ostean, eta 86 milioi euro bideratu ostean, amaituko dituzte behin betiko lanak.
Beasain-Durango errepide azkar estrategikoa da Bizkaitik eta Debagoienetik Nafarroarako bidean. 1998an egin zuten Beasain eta Ormaiztegi arteko lehen tramua. Bergararainoko lanak amaituta, Bergara eta Elorrio arteko errepidea bikoiztea geratuko litzateke. Horretarako, baina, oraingoz, ez dago proiektu zehatzik.
Aipatzekoa da, Diputazioak aurreikusi duela Deskargan bidesaria jartzea.