Baserritarrak kexu dira, basurdeek egiten dizkieten triskantzengatik

Amaia Txintxurreta Guridi 2017ko ots. 10a, 14:03

Arrasateko baserritarrek, eta Gipuzkoako EHNE eta ENBA sindikatuek, agerraldia egin dute basurdeen gainpopulazioaren arazoari irtenbidea emateko eskatuaz. Arazoa "denona" dela esan dute eta eskatu dute Foru Aldundiak eta Ehiza Federazioak duten hitzarmena berritu eta bete dadila.

Ehiza da basurdeen populazioa kontrolatzeko erabiltzen den neurria eta iaz, esaterako, Gipuzkoan 1.300 basurde ehizatu ziren. Hala ere, basurdeen populazioak gora egiten jarraitzen du eta baserritarrak kexu dira kalteak etengabe jasotzen ari direlako.

Egoera hori salatzeko, Arrasateko Udala auzoan herriko baserritarrek, eta Gipuzkoako EHNE eta ENBA sindikatuek agerraldia egin dute. Bertan adierazi dute basurdeen kalteak jasaten dituztenak, baserritarrak eurak direla.

Basurdeek belardietan egiten dituzten muturkarek ekartzen dutena da soro hori behar bezala konpondu beharra egotea, eta diote hori ez dela gauetik goizera egiten den zerbait. Gainera, ez dute bermerik egindako lanak iraungo duenik, basurdeak behin eta berriz joaten zaizkielako. Hori gutxi balitz, negurako bazka izateko biltzen den belarra, belardietan biltzen ez bada, erosi egin behar izaten dutela ere azaldu dute, eta gaineratu horrek kalte ekonomiko zuzena dakarrela, besteak beste.

Hitzarmena

Basurdeen gainpopulazioaren kontrola egiteko Diputazioak eta Ehiza federazioak hitzarmen bat dute sinatuta. Hitzarmen horretan protokolo bat zehazten da kalteen parte bat jaso bezain laster, martxan jarri beharko litzatekeena, baina diote zoritxarrez ez dela jartzen.

Protokoloa, gainera, zaharkituta dagoela diote eta EHNEk azken urtetan berrikusi behar dela etengabe errepikatu du Diputazioan. Diote proposamenak mahai gainean jarri dituztela, baina ez dagoela horri heltzeko borondaterik. Horregatik protokoloa berrikustea eta basurdeen gainpopulazioa kontrolatzea eskatu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak