Olioa, atuna, lekaleak, konpresak, fardelak, sardinak kontserban... dira gehien batu diren produktuak. Hain justu ere, mota horretakoak dira saharar kanpalekuetako errefuxiatuek gehien behar dituztenak eta, era berean, halakoak dira, baita ere, epe ertain-luzera begira ondoen kontserbatzen direnak.
Produktu horiek guztiak paketatu, Euskal Herrian batutakoei gehitu eta kamioietan bidaliko dituzte guztiak Alacantera, karabanan. Otsailean izango da hori. Eta ondoren, Alacantetik bideratuko dute batutako guztia saharar kanpalekuetara. Hain zuzen ere, Debagoienean batutakoa egubakoitzean bideratu zuten Euskal Herrian batutakoari gehitzeko.
Bizimodu gogorra kanpalekuetan
Saleh Salek-ek, Sahararaldeba elkarteko presidenteak, eskerrak eman gura dizkie kanpainan parte hartu duten guztiei. Era berean, hark gogora ekarri du oso gogorra dela saharar kanpalekuetako bizimodua. Hemen moduan, han ere hotz handiak dabiltzala pairatzen, kanpin-dendetan bizi direla, gainera. Eta jakinarazi du, oro har, nabarmen jaitsi dela kanpalekuetara bideratzen den laguntza humanitarioa bai Nazio Batuen Erakundeen aldetik eta baita Estatu espainolaren aldetik ere.