100.000 biztanleko 200 kasu baino gehiago daude Hego Euskal Herrian; horrek esan nahi du gripe epidemia egoera dagoela. Eta Osakidetzaren datuen arabera, 2016ko azken astean Debagoiena izan zen griperen intzidentzia altuena izan zuen Euskal Autonomia Erkidegoko eskualdea. Medikuen esanetan, gripearen kanpaina aurreratu egin delako izan da hori.
Gaixo gehienak 14 eta 65 urtekoak
Bilakaera aurreko urteetakoaren antzerakoa ari da izaten; azken datuek diotela intzidentzia jaitsi egin dela gure eskualdean, eta horrek, datozen asteetara begira, itxaropenerako lekua uzten duela. Hasieran umeak izan ziren gripearen eragina gehien jasan zutenak, baina azken asteetan, 14 eta 65 urteko pertsonak gaixotu dira gehienbat. Kasu gehienetan A gripea izan dute gaixoek; Itziar Lasa medikuak dio gripeak izan ohi duen mutazioaren ondorioa dela hori, eta ez dela kezkatzekoa.
Osakidetzak esan du gripearen epidemia dela eta 230 profesional gehiago kontratatu dituela erkidegoan, eta 417 ospitale ohe gehiago egokitu dituela.
Gomendioak aurre egiteko
Ondo hidratatzea, buruko-minaren eta sukarraren kontra ibuprofenoa eta parazetamola bezalako antitermiko analgesikoak hartzea eta batez ere atseden hartzea. Horiek dira gripea izanez gero egin beharrekoak. Itziar Lasak era berean, osasun zerbitzuak zentzuz erabiltzeko gomendatu du. Noiz kezkatu? Sukarra hiruzpalau egun baino gehiago luzatzen denean, adineko pertsonen kasuan edo gaixotasun kronikoak tartean daudenean.