Ternua Group-eko instalazioak bisitatu dituzte Aldundiko ordezkariek

Eneko Azurmendi 2017ko urt. 12a, 13:40

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak Ternua Group-eko instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean. Olanok adierazi du enpresa hau lehiakortasunaren eta berrikuntzaren eredu bat dela.

Gipuzkoako Foru Aldundia apustu berezia egiten ari da sustapen ekonomikoaren arloan eta apustu horren baitan, enpresa arrasatearrak lehiakortasunean eta berrikuntzan egiten duen lana goraipatu du Olanok.

Eraldatu Gipuzkoa izeneko programaren barruan, Aldundiak laguntza bat eman die hainbat enpresei, lehiakortasunaren ikuspegitik, euren proiektuak garatu ahal izateko. Hain zuzen ere, material birziklatu eta birziklagarrietan oinarritutako motxilak merkaturatuko ditu Ternuak, laguntza lerro horri esker.

Jesus Anduaga Ternua Group-eko kontseilari delegatua gustura azaldu da produktu berri honekin eta itxaropentsu dago merkatuan izango duen arrastarekin.  

Nazioarteko merkatuan

Ternua Group-en hainbat herrialdetako 175 profesionalek egiten dute lan gaur egun, eta aire zabaleko kirol jardueretarako ezaugarri tekniko aurreratuak dituzten jantzi eta osagarriak diseinatu, ekoitzi eta merkaturatzen dituzte.

Bere produktuak Europa, Asia eta Amerikako 50 herrialde baino gehiagotan merkaturatzen ditu enpresa arrasatearrak. Fakturazioaren %36 nazioarteko merkatuetan gauzatzen ditu eta portzentaje hori %45ekoa izatea dute helburu 2018rako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak