Sexu abusuengatik Juan Kruz Mendizabal zigortu du Elizak

Txomin Madina Milikua 2017ko urt. 10a, 15:00

2001 eta 2005 urteetan, Donostiako Alde Zaharreko San Vicente parrokiako apaiz zela, bi adintxikikori egindako ukitze desegokiak egin izana frogatutzat eman du Donostiako Elizbarrutiak. Garai hartan San Vicenteko parroko zen Felix Garitano bergararra "lur jota" agertu da.

Donostiako Elizabarrutiak igorri duen prentsa-oharraren arabera, 2016ko martxoan izan zuten Elizbarrutiko agintariek Mendizabal apaizaren aurkako salaketen berri. Orduan martxan jarritako prozesuak salatutako ekintzen egiazkotasuna frogatu duela dio Elizbarrutiak, eta gaineratzen du ekintzok sortutako mina eta lotsa bere gain hartu eta barkamena ere eskatzen duela.

Juan Kruz Mendizabal Donostiako San Vicente parrokian apaiz eta Xirimiri Gazte Taldeko arduradun zer egindako abusuen biktima moduan, honakoa adierazi dute, besteak beste, ohar baten bidez: "Gertatutakoa publiko egiteko momentua dela pentsatu dugu, denbora luze batez diskrezioa mantendu ostean. (...) 2016ko martxoan Donostiako Gotzainaren aurrera joan ginen eta 2001 eta 2005 urteetan gertatutako abusu batzuen berri eman genion, gure bizitza markatu zutenak. (...) Gauzak ahalik eta diskretuen eramateko asmoz, geure borondatez bide kanonikoa hautatu genuen. (...) Guregana beste kasu posible baten egoera iritsi denean, gertatutakoaren berri emateko garaia iritsi dela iruditu zaigu. (...) Gure intimitatearekiko errespetua eskatzen dugu, ez baitugu uste ekintza hauek gure bizitza egin dutena baino gehiago baldintzatu behar dutenik".

2006tik 2010era, Bergaran

1963an Ormaiztegin jaioa, 1992an egin zen apaiz, eta 1996tik 2004ra Donostiako Alde Zaharrean bizitzen egon zen Gipuzkoako gazteen batzordetzako arduradun izan zen bitartean. 2006tik 2010era Bergaran izan zen Santa Marinako, San Pedroko eta Elosuko parroko lehenik eta Antzuolako parroko ere bai, ondoren. Gipuzkoako gotzain Jose Ignacio Munillaren ondoan sei urtez aritu eta gero, bikario nagusi izateari utzi zion 2016ko apirilean. Gaur arte Errenterian ari zen, bateko eta besteko elizatan laguntzen ardura jakin barik.

"Ezusteko handia" Felix Garitanorendako

Bergararra parrokoa izan zen San Vicenteko parrokian, eta Juan Kruz Mendizabalen kide, abusuak eman ziren urteetan. Garitanok azaldu duenez, "Izugarrizko ezustekoa" eta "mingarria" izan da albistea. "Mingarria da, lur jota gaude, baina ondo jokatu du Elizak emandako pausoetan", adierazi du Felix Garitanok.

"Besarkada bero bat bidali nahi nieke bai afektatuei baita euren familiei. Barka ditzatela gure Elizako apaiz batek egin dieten gaitzak eta ziur egon, beti aurkituko dutela nigan betiko adiskidea eta behar duten laguntza. Eta baita ere Kakuxek. Asko maite izan dugu, baina noski hau salatu beharra zegoen eta behar ziren erabakiak hartu beharra. Honetan dudarik ez. Baina nigan beti aurkituko du Jesusengan momentu honetan aurkituko lukeen harrera, errukitasuna eta behar duen laguntza", gaineratu du Garitanok.

Fiskaltzak ofizioz jardungo du

Arratsaldeko lehen orduan argitaratu denaren arabera, Gipuzkoako Fiskaltzak ofizioz jardungo du, hau da, bere kabuz ekingo dio ikerketa bati. Helburua izango da nahikoa informazioa batzea erabaki ahal izateko kereila ipini edo "bestelako kartzela-ekintza bat hasi".

Fiskaltzako iturriek esan dute mota honetako delituen kasuan epaitegiak ezin duela bere kabuz jardun, baizik eta biktimek edo Ministerio Publikoak hala eraginda.

Delituak preskribituta egoteaz galdetuta, iturri horiek -zenbait komunikabidek argitaratu dutenez- zehaztu dute "baloratu beharrekoa" dela, izan ere, legea aldatu egin zen eta "biktimak adin txikikoak direnean, preskripzio-epeak adineko bihurtzen direnean hasten dira".

Fiskaltzak datu guztiak egiaztatu beharko ditu eta informazioa batu ere bai. Beharra ikusten badu, adierazpenak eskatuko ditu. Jasotzen dituen froga guztiak baloratu ondoren, kereila ipini behar den erabakiko du.

Iturri berberek esan dutenez, gerta daiteke ere, ikerketak aurrera jarraitzen duen bitartean, norbaitek bere burua identifikatuta ikusi eta salaketa ipintzea.

Ezker Anitza-IUren eskaera fiskaltzari

Ezker Anitza-IUk eskatu dio fiskaltzari iker dezala elizak ezkutatze deliturik egin duen Mendizabalen auzian: "Demokrazia baten barruan eta akonfesionala den eskubide estatu batean erlijioek ezin dute izan babesleku delitu bat egiten duenarendako, eta salbuespenak ere ezin dira onartu. Horregatik fiskaltzak ofizioz jardun behar du, eta baita ikertu ere elizak ezkutatze deliturik egin ote zuen, ekintzen berri bazuelako". Era berean, "poza" adierazi du fiskaltzak ofizioz jardungo duelako, eta "kasu gehiago" dauden ikertzeko eskatu du.

Elizaren jarrera "ezin dela onartu" gaineratu du, "lege penaletik aparte eta barruan konpondu duelako auzia legeen gainetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak