Urtea aldatzearekin batera, prezioek gora egin dute

Eneko Azurmendi 2017ko urt. 2a, 15:37

Ohikoa den moduan, zerbitzu ugarik prezioak eguneratzeko baliatzen dute urte aldaketa. Horren ondorioz, gas naturalaren, autobideen, edari alkoholdunen, freskagarrien eta tabakoaren prezioek gora egin dute.

Gasa

Gas naturalari dagokionez, %3,5 igoko da tarifa 2017ko lehen hiruhilekoan. Izan ere, gasaren prezioa hiru hilean behin eguneratzen da.

Autobideak

Bidegik ere eguneratu ditu tarifa berriak. AP-1 eta AP-8 autobideetan, Gipuzkoako zatian, kanona %3,5 igo da eta igoera hau Abiatu gailua dutenei ere aplikatuko zaie. Hilero gehienez, 29,43 ordainduko dute Gipuzkoako zatiak erabiltzeagatik.

Tabakoa eta edariak

Tabakoaren eta zenbait edariren prezioak ere garestitu dira. Tabakoari dagokionez, tasen igoeraren ondorioz, tabako pakete baten prezioa 10 zentimo garestiagoa izango da marka gehienetan eta gainontzekoetan 5 zentimo igoko da prezioa.  

Edariei erreparatuta, graduazio askoko alkoholdun edariez gain, azukredunen prezioak ere gora egingo du. Beraz, ardoa, sagardoa eta garagardoa izan ezik, gainontzeko edariei eragingo die prezio aldaketak eta freskagarri guztiei ere bai. Hala ere, oraindik ez da jakina zenbatekoa izango den igoera. "Gobernuak tasak igoko ditu. Graduazio altuko edari alkoholdunez gain, edari azukredunei ere eragingo die horrek. Hala ere, gure hornitzaileek oraindik ez dituzte prezioak igo. Beraz, momentuz guk ere ez ditugu prezioak aldatuko, nola eragiten digun jakin arte. Ez dakigu igoera zenbatekoa den. Izan ere, bitartekariek kudeatzen dituzte zergen prezioak eta guk horren arabera jartzen ditugu gureak", adierazi du Antonio Murillo Arrasateko Kajoi tabernako arduradunak.

Erregaiak

Bestalde, petrolioaren prezioa garestitu arren, gasolindegietan ez da aparteko gorabeherarik izan urte aldaketarekin. Izan ere, upela erosten den momentuan upelak berak daukan prezioak baldintzatzen du hori, Jasone Martinez Meca gasolindegiko arduradunaren arabera.

Zerbitzu batzuk, mantendu

Azkenik, ura eta argindarra bezalako zerbitzuek ez dute aldaketarik jasango eta autobusen prezioak ere mantendu egingo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak