Izotzak zurituta esnatu da gaur Urkulu ingurua. Izan ere, eguraldi hotza egin du urteko lehen egunetan. Hainbat txoko ikusi dira apur bat zurituta goizean. Euskalmeten eguraldi aurreikuspenek diote, halaxe jarraituko duela eguraldiak ondorengo egunotan ere. Eguaztenean gainera, tenperaturak zertxobait gehiago jaistea espero da.
Horren guztiaren aurrean, bailarako herri batzuetan dagoeneko bota dute gatza hainbat puntutan. Esaterako, Bergarako udaltzaingotik adierazi dute Antzuola eta Bergara arteko gasolindegi inguruan bota dutela azken egunotan eta garbitzaileek herriko hainbat lekutan ere bota dutela gatza. Ubera edota Angiozarko baserri inguru batzuetan ere utzi dituzte dagoeneko gatz zakuak.
Oñatin ere baserritarrei 25 kilotako bina zaku banatzen hasi dira, baina momentuz, udaltzaingotik ez dute beharrik ikusi herrian zehar gatza botatzeko.
Euririk, baina, momentuz ez duela egingo diote eguraldi iragarpenek. Horren aurrean, hainbat herritar gustura azaldu dira.
Urkulu alerta egoeran
Euria ondo etorriko zaio Urkuluri, adibidez. Izan ere, alerta egoeran dago, %63,14ko betetze mailarekin. 2016ko ekainean sartu zen aurre-alerta egoerara, ordutik ez da egoera normalera itzuli, eta orain alerta egoerara pasa da. Hala ere, larrialdi egoeran egoteko asko falta da oraindik.