Gabonetako oporraldietan zer egin ez dakitenek, ondo pasatzeko aukera polita izango dute aste honetan Debagoieneko herrietan izango diren Gabonetako jolas parkeetan.
Gaur goizean, esaterako, 2017ko Txikilandiak ateak zabaldu ditu, modu berezian gainera. Gaurtik asteazkenera bitartean Uarkape Pilotalekuan kokatuko den arren, gaur goizean Musakolako Kiroldegira mugitu dira, bertako igerilekuan ur jolasak egiteko.
Goiz eta arratsaldez joateko aukera izango da 10:30etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta egun bakarrerako zein hiru egunetarako sarrerak eros daitezke. Aurten gune berriak egokitu dituzte, batez ere adin tarte handienean dauden gazteentzako.
"Aurten Gaztegunea edukiko dugu. Adin tarte handieneko gazteei zuzenduta dago, eta bertan ping-ponga, futbolina eta bestelako mahai jokoak edukitzeaz gain, euren adinerako egokitutako tailer bereziak izando dituzte arratsaldero. Aurten ere esperimentazio gunea ere jarriko dugu. Ludoteka bezala plnateatu dugu eta bertako jostailu guztiak egurrezkoak izango dira" azaldu Ibone Arejoraleibar Txatxilipurdiko kideak.
Puzgarri eta jolasez gain, ipuin kontaketak eta karaokea izango dira, eta egunero zozketa bat egingo dute. Txatxilipurditik Txikilandiara joaten animatzeko deia egin dute.
Txikilandiarekin batera gaur zabaldu ditu ateak 8 urtetik beherakoentzako Bergarako Jolas Parkeak. Aurreko astean 8 urtetik gorakoentzako jolas parkea Labegaraietan kokatu bazen ere, 8 urtetik beherakoena Pilotalekuan jarri dute eta zabalik izango da goiz eta arratsaldez asteazkenera bitartean.
Aramaion haurrentzako disko festa egingo dute gaur 17:00etatik aurrera Kiroldegian, eta etzi puzgarriak ere jarriko dituzte. Oñatin eta Aretxabaletan, biharko eta etzirako antolatu dituzte gaztetxoentzako Gabonetako Jolas Parkeak.