Gabonetako opariak edota bertako ospakizunetarako menua erabaki gabe dutenek, zalantzak uxatzeko hainbat aukera izan dituzte asteburuan zehar. Oñatin adibidez, artisauen azokaren hirugarren edizioa egin zuten zapatuan. Herriko 21 artisauk postua ipini zuten Herriko Plazan, eta horiez gain, Hotz eta Andraitz taldeak ere bertan izan ziren, bakoitza bere postuarekin.
Zeramika, osagarriak, umeendako jolasak, poltsak arropa, kosmetikoak, birziklatutako elementuak erabiliz egindako gerrikoak... Denetarik ikusi eta erosi ahal izan zuten Oñatiko plazara hurbildu den herritarrak.
Oñatiko plazatik irten gabe, domekan ere izan zer ikusi eta zer erosi Elkar Hezik antolatutako 18. Elkartasun Azokan. Munduko injustizien aurrean kontzientzia sortzeko 21 gobernuz kanpoko erakundek postua jarri zuten, produktu solidarioak saltzeko. Han izan ziren urtero joaten diren taldeak, esaterako, Kalkuta Ondoan, Zazpi Udaberri, Alboan, Setem, Bubulun, Bidezko Merkataritza... Baina baita lehenengoz etorritakoak: Oñatiko Naturzaleak, Zaporeak, edo Hotz taldeak kasu.
Bergaran ere
Bergaran ere hiru azoka egon dira asteburuan. Zapatu goizean, Nafarroatik etorritako ekoizleen hamar postu izan ziren San Antonioko ermita ondoko plazatxoan. Feriaz gain, sukaldaritza lehiaketa, umeendako marrazki lehiaketa eta zezentxoak ere izan ziren, eta giro polita sortu izan zen goiz eta eguerdi partean.
Bedelkarrek antolatuta bigarren Pop up azoka izan zen horietako beste bat. Zapatuan, goizez eta arratsaldez, eta domeka goizaldean egin zuten azoka berezia Biltoki denda egondako lokalean, Bergarako 20 denden produktuak %10eko deskontuarekin erosteko aukera izan zen bertan.
Azkenik, bigarren eskuko produktuen azoka egon zen domeka goizean San Martin Plazan, eta, hori aprobetxatuta, Jardun Euskara Elkartekoek liburuen truke azoka egin zuten beste urte batez. Haur, gazte zein helduek aurrez Jardunera eramandako liburuen truke jasotako txartelarekin, beraiek aukeratutako beste euskarazko liburu bat hartu ahal izan zuten trukean.