Banako berdinketa Mondra eta UDAren artean zeresana eman duen jokaldiarekin

Mirari Altube Arrese 2016ko abe. 4a, 18:43

Futbolzaleak Mondra eta UDAren arteko derbia ikusteko gogotsu zeuden eta harmailak bete-bete egin dira. Aukera politak, ezerezean geratu diren jokaldiak, zaleak aulkietatik jaikiarazi dituen jaurtiketak eta penalti eskaera etxekoen aldetik; hori guztia izan du banako berdinketarekin bukatu den partiduak.

Dena ematera irten dute etxekoek zelaira, eta lehen zatiko aukera politenak eurek sorrarazi dituzte. Estu hartu dituzte UDAkoak, eta horiek oraindik partiduan sartu ezinik zeudela Mondraren gola iritsi da. Andoni Aizpuruak egin du 23. minutuan.

Gol hori jaso ostean eta partiduak aurrera egin ahala UDAkoak suspertzen joan dira eta orduantxe sartu du gola Rodrigok, 38. minutuaren bueltan. Hala, banako berdinketarekin joan dira atsedenaldira.

Ez galtzeko ahaleginak

"Irabaztea baino gehiago ez galtzea izan da guztion lehentasuna", zioen bukaeran UDAko jokalari Beñat Etxabek, eta halaxe, bigarren zatian emaitzari eutsi nahian jardun dute. Talde batek zein besteak izan dituzte aukerak; besteak beste, Mondrako Aizpuruak baselinaz 58. minutuan eta UDAko Rodrigok langara bidali du 64.ean.

Minutuek aurrera egin ahala Mondrak gora egin du eta UDAkoek emaitzari eutsi nahian jardun dute. 75. minutuan zeresana eman duen jokaldia iritsi da; Imanolek baloia hartu du area barruan eta lurrera erori denean penaltia eskatu dute jokalariek zein etxeko zaleek. Epaileak, baina, ez du halakorik ikusi. Azken aukera ere Imanolek izan du; 82. minutuan zutoinera bidali du baloia Caste atezainaren aurrean bakarrik zela.

Puntu banaketa bukaeran, elkarri eskua eman, eta talde batekoak zein bestekoak nahiko konforme emaitzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak