Hurkoa Fundazioari eman dio 2016ko Boluntarioen Saria Gipuzkoako Diputazioak

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko aza. 29a, 09:37

Mendekotasun edo babesgabezia egoeran dauden adinekoak edo gaixo mentalak artatu eta haien eskubideak defendatzeko moduagatik jasoko du Hurkoak saria.

Sari-emate ekitaldia bihar, azaroaren 30ean, arratsaldeko 18:30ean, egingo da foru jauregiko Jargi aretoan, eta Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, emango dio Hurkoa Fundazioari 2016ko Gipuzkoako Boluntarioen Saria 170 gonbidaturen aurrean. 90 hirugarren sektorekoak izango dira eta beste 80ak Hurkoako boluntarioak.

Fundazioak egiten duen lan “solidario, eskuzabal eta ordainezina” azpimarratu du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak: “Hurkoa sari honen bidez sustatu nahi ditugun boluntariotza eta elkartegintzako balioen eredu paregabea da”. Hurkoa Fundazioa Donostiako Caritasen ekimenez sortu zen 1990ean, ahultasun, mendekotasun edo babesgabezia egoeran dauden adinekoak edo gaixo mentalak artatu, zaindu eta haien eskubideak defendatzeko. Era berean, beste jarduera batzuk burutzen dituzte, besteak beste, adinekoenganako tratu txarren aurkako sentsibilizazio programak, aisia eta denbora libreko programak eta boluntarioen prestakuntza programak. Gaur egun entitateak 143 boluntario ditu (104 emakume eta 39 gizon), 322 pertsona tutoretzapean ditu, eta 560 familiari baino gehiagori eskaini die laguntza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak