Urrian hasi eta abendura bitartean hamar asteko ikastaro mamitsua antolatu dute Garabidek eta Huhezik hirugarrenez. Hain zuen, Hizkuntzak biziberritzeko estrategien gaineko ikastaroa.
Aurtengo ikastaroan Afrika, Erdialdeko Amerika eta Hego Amerikako hizkuntza komunitateen ordezkariak izan dira gurean. Benineko baribeak, Txileko maputxeak, Boliviako aimarak eta guaraniak, Ekuadorreko kitxuak, Kolonbiako nasak, Guatemalako kaqkichelak eta Mexikoko nahuatlak eta maia yukatekoak izan dira parte hartu dutenak.
Egonaldi oparoa izan da parte hartzaileentzako eta horren erakusle izan zen atzo Aretxabaletako Arkupen egindako jaialdia. Hainbat erakunde publiko, ikastetxe eta euskalgintzako elkarteekin harremanetan izan dira eta atzokoan hizkuntzak opari izeneko ekitaldia egin zuten bidelagun guztiei esker ona adierazteko. Izan ere han batu ziren, esandako erakunde, ikastetxe eta elkarteetako ordezkariak eta agertoki gainean ikusi ahal izan genituen opariak elkartrukatzen.
Aditu Ikastaroa hirugarrenez egin dute aurten, bi helburu nagusirekin. Batetik, euren hizkuntzak babesteko aldez aurretik egindako lanen lekukotasunak elkarbanatzea, eta bestetik, Euskal Herrian euskara bizirik eta osasuntsu mantentzeko dauden estrategiak zeintzuk diren ikustea.
Pozik aritu ziren parte hartzaile eta antolatzaileak atzoko jaialdian. Jaia alde batera utzita, oso balorazio positiboak egin dituzte ikastaroak emandakoaz.