Zabor bilketaren hurrengo fasea irudikatzeko logotipo eta kamioi berriak

Xabi Gorostidi 2016ko aza. 15a, 16:32

Debagoieneko hiri hondakinen bilketa sistemarentzat logotipo eta kamioi berriak estreinatu dituzte gaur. Alboko kargadunak dira kamioiak, hain justu ere, Bergaran, Eskoriatzan eta Aretxabaletan ezarri diren edukiontzi berriei egokituta.

Bergaran, Eskoriatzan eta Aretxabaletan ezarritako edukiontzien sistemarekin atez atekoarekin besteko emaitza onak lortzen direla azpimarratu ondoren, hiri hondakinen bilketari dagokion logotipoaren aldaketa egitearen arrazoia sistemaren eraginkortasuna azpimarratzea da Debagoieneko Mankomunitateko ingurumen arduradun Lander Arregiren esanetan. Eraginkortasuna, hiru esparrutan: orain arteko fasea gaindituta aurrerapausoak emateko bidean jartzen direlako, esparru ekonomikoan, eta erabilpenaren esparruan.

Bilketa sistema berriak martxan jarri ahal izateko, baliabide berriak ere erosi behar izan dira; bilketarako hiru kamioi berri eta kalean jartzeko edukiontziak. Unai Elkorok, Mankomunitateko presidenteak eman ditu datuak. "Guztira Bergara, Eskoriatza eta Aretxabaletarako 348 edukiontzi berri dira, lau motatako hondakinak jasotzeko. Horietako 208 errefuxa eta organikoa biltzeko dira. Gutzira kostua 351.000 eurokoa zen, baina gaikako bilketa egiteagatik Gipuzkoako Aldundiak laguntza batzuk atera zituen, eta horri esker 144.000 euro jaso ditugu" adierazi Unai Elkoro Debagoieneko Mankomunitateko presidenteak.  

Kamioi berriei dagokienez, berriz, hiru halako eskuratu ditu Mankomunitateak. Bi berri-berriak eta hirugarrena 0 kilometroduna. Berriak 195.000 eurotan eskuratu dituzte, eta 0 kilometroduna, berriz, 178.000 eurotan. Maddi Altunak, Mankomunitateko ingurumen zerbitzuko arduradun teknikoak azpimarratu duenez, gainera, aurreikusi baino lehenago iritsi dira, eta beraz, laster hasiko dira erabiltzen.

Bestalde, orain arte hondakinak batzeko erabili diren atzeko kargako kamioi zaharrak saltzeko asmoa du Mankomunitateak. Bi halako izango ditu, hain justu ere, soberan.

Hiri hondakinen bilketan egindako azken aldaketa hauek eginda, aurrera begira jarri eta zerbitzuaren optimizazioan sakontzeko asmoa iragarri dute Mankomunitateko ordezkariek, bereziki, barrura begira.

Adibide moduan, jakinarazi dute badabiltzala Mondragon Unibertsitatearekin edukiontzien funtzionamendua hobetzeko ikerketa bultzatu nahian, bertako ikasleen proiektuak baliatuta.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak