Kezkaz eta jakin-minez AEBetara begira

Leire Kortabarria 2016ko aza. 11a, 06:00
Asier Barrainkua, Eduardo Zubiaurre, Iñaki Galdos eta Dabid Lazkanoiturburu.

Donald Trump AEBetako hurrengo presidentea izango dela jakin eta berehala, ziurgabetasuna, ardura eta kezka piztu dira askorengan; beste batzuek larritasuna kentzen diote emaitzari eta esaten dute kanpainan zehar agertu duena baino aurpegi lagunkoiagoa eta lasaiagoa erakutsiko duela politikan sartutako enpresaburuak. Nolanahi ere, argi dago mundu osoan eragina izango duela irekitzen den aldi berriak. Nolakoa izango ote da? AEBekin harremana duten lau lagunek euren iritzia ematen dute.

Asier Barrainkua, Ulma Packaging-eko ingeniaria

Aurreko egun hauetan ikusten zen Clintonen eta Trumpen arteko aldea oso txikia zela baina, ustez, beti Clintonen aldekoa. Pertsonalki, gehienbat, enpresa arloko pertsonekin dut harremana eta eguneroko hizketaldietan Trump-zale gehiago aurkitu dut Clinton-zale baino. Hala ere, aurkitu ditudan Trump-zale guztiak konbentzituta zeuden ez zuela irabaziko, nahiz eta tarte txikiagatik. Nire solaskide batek ere ez zuen uste irabaziko zuenik.

Orain ezegonkortasun aldia etorriko da bi arrazoirengatik. Bat, politikatik kanpo datorren norbait denez, bere egiteko erak eta bere lengoaia, estandar politikoa kontutan hartuta, oso desberdinak direlako. Bi, bere proposamenek politikoki, sozialki eta ekonomikoki aldaketa handiak planteatzen dituztelako.

Ekonomia arloan proposatutako neurriak indarrean jartzen baditu protekzionismo eredu batera eramango du AEBak. Kanpotik doazen produktuek zerga handiagoak ordaindu beharko dituzte. Bestalde, atzerrian planta duten AEBetako enpresa guztiak euren plantak berriro bertaratzea bultzatuko ditu, adibidez Mexikora joan diren auto-fabrikatzaileenak.

Debagoien inguruan ezagutzen ditudan enpresa gehienok AEBekin saltzaile harremanak ditugu. Hara tresnak, makinak edo zerbitzuak saltzen ditugu. Hauen kasuan, ondorioak negatiboak izango dira, hara saltzeko aukerak gutxituko direlako. Betiere, bakoitzarentzat AEBetako merkatuak duen garrantziaren arabera.

Baina, ikusi behar dioen guztia egiteko gai den; ez zaio erraz egingo eta.

Eduardo Zubiaurre, enpresaburua

Denbora behar da zer gertatuko den ikusteko: bere hurrengo pausoak zeintzuk izango diren, bere gobernatzeko modua, bere lan-ildoak… Izan ere, kanpainan zehar gauza konkretu gutxi izan ditu. Hango enpresa eta industria arloetan, Trumpen aldeko gehiago zegoen Clintonen aldeko baino.
Komunikabideetan zabaldu diren mezu alarmisten aurrean esan nahi nuke AEBak herrialde garatua eta erabat demokratikoa direla, eta merkatu-ekonomian erreferente; gauzak ezin dira izugarri aldatu. Horrez gain, ikusi egin beharko da Trump benetan zer egiteko gai den.

Iñaki Galdos, AEBetako euskaldunekin harremana du

Astearteko hauteskundeen emaitzak ezagutu eta zergatien bila hasi da mundu osoa berehala. Ehunka azterketa entzun eta irakurri ondoren asebeteta gaude dagoeneko gehienok, betekadatik oso gertu ere bai. Gainera, grafikoak eta mapak berriz errepasatzeak sortzen didan haserrea eta nazka areagotu ez daitezen, nahiago dut aurrera begiratu eta agintaldi berrian gerta daitekeenaren inguruan dauzkadan galderei erantzunak aurkitzen saiatu.

Kanpainan zehar iragarritako astakerien artean zeintzuk saiatuko da Trump betetzen eta zeintzuk geratuko dira ahohandiaren boutade huts gisa? Egongo al da errepublikanoen artean aurre egingo dion ordezkaririk? Nor jarriko dute Auzitegi Gorenean Nino Scaliaren ordez? Balio izango du katastrofe honek alderdi demokratan beharrezko berrikuntzaz at, benetako katarsia egiteko? Konpentsatuko al dute hiritarrek 2018ko legealdi erdiko hauteskundeetan orain senatuan eta kongresuan dagoen oreka falta? Zein izango da honen guztiaren eragina euskal ekonomian?

Post tenebras spero lucem, dio latineko esaldi zaharrak. Betor argia lehenbailehen iluntasun jasanezin hau gainditzeko!

Dabid Lazkanoiturburu, Gara-ko nazioarteko kazetaria

Donald Trumpen garaipena, eta Hillary Clintonen porrota, Ameriketako Estatu Batuek bizi duten krisi politikoaren ondorioak baino ez dira, monetaren bi aldeak balira bezala. Clintonek ez du inolaz ere hainbat sektoreren botoa behar zuen bezala astintzea lortu, hala nola, latinoena, beltzena, emakumeena... Aitzitik, politikarikeriarekin eta dirudunekin nahasten den bere hautagaitzak kontrako efektua lortu du, Trumpen alde.

Hautagai outsiderra izanik, magnateak hauteslego errepublikaren boto fidela ia-ia osorik mantendu du eta AEBen egoera sozioekonomikoarekin haserre dauden hainbat langileren eta herrialdearen aldaketa demografiko eta kulturalen aldaketak onartu nahi ez dutenen babesa jaso du.

Trumpek azken sektore hauei kanpainan zehar egin dizkien promesak kontutan hartuta, eta zalantzak zalantza, argi dagoena zera da, bere legealdia eskuinerako bidaia luze eta kezkagarria izango dela. Kongresua errepublikarren menpe egonik, Obamaren neurri aurrerakoiak, gutxi izan badira ere, atzera botako ditu, hasteko etorkinen, gizarte ogasunaren eta ingurumenaren arloetan.

Gainerakoan –hori guztia gutxi balitz–, ez da aldaketa gehiegirik espero. Munduko finantzek ere lasai hartu dute bere garaipena. Trump bera ez baita fenomeno berria, errepublikarren bilakaera arriskutsuaren muturreko adibidea baizik (gogoratu Tea Party-a). Azken finean, AEBen krisi politikoa, errepublikarrena baina baita ere demokraten barnekoa, agerian utzi duen hautagaia.

Trump txanponaren aldea da, izua eragiten duena, baina txanponak bi alde ditu. Eta txanpona, beti txanpon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak