Eusko Jaurlaritza Mugiment izeneko plan estrategikoa ezartzen ari da, jarduera fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa murrizteko plana, sedentarismo hori baita herrialde garatuetan gaixotasun kroniko nagusiak garatzearekin lotutako faktore nagusietako bat.
Mugiment ekimenetik sortutakoa da gaur Bergaran egin duten jardunaldia. Jaurlaritzako eta EAEko hainbat udalerri eta eskualdetako ordezkariek parte hartu dute, eta hainbat azalpen eta esperientziaren berri eman.
Elena Lete alkateak egin du jardunaldien aurkezpena, eta Bergarako Udalak Eusko Jaurlaritzaren helburuekin guztiz bat egiten duela nabarmendu du: “Herritar aktiboen kopurua handitu nahi dugu Udalean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloko Plan Estrategikoaren bitartez. Eta, zorionez, ez gaude bakarrik ahalegin horretan. Garbi dugu bide horretan ezinbestekoa dela herritar, elkarte, erakunde zein ikastetxeen arteko elkarlana. Nork bere aldetik bakarrik lan eginez gero ez baikara eraginkor izango. Sarean eta elkarlanean lan egitea guretzat ez da berria, urteak daramatzagu gizarteko arlo desberdinetan modu horretan lan egiten: merkataritza, kultura, kirola, jaiak…”.