Debagoieneko udalek 1,32 milioi bueltatu beharko dituzte UFFFra

Debagoieneko udalek 1,32 milioi bueltatu beharko dizkiote Foru Ogasunari, 2016ko Udal Finantzaketa Foru Fondoaren aurrekontu itxierak ez dituelako aurreikuspenak bete.

Hain zuzen, 2016ko aurrekontua 39,2 milioikoa zen bailararako, eta itxierak 38,6 milioiko zifra utzi du. Urrian egin dena itxiera aurreikuspena da, aurrelikidazioa; likidazioa otsailean egingo da eta orduan jakingo dira behin betiko datuak eta emaitzak.

Gipuzkoako udalek, denetara, 7 milioi inguru bueltatu beharko dizkiote Foru Ogasunari. Izan ere, 2016ko aurrekontua 458 milioi pasakoa zen, eta itxiera aurreikuspena 451 milioi pasakoa da.

Datorren urtean, 40 milioi

Itxierako datua atzo, martitzena, Gipuzkoako Finantzen Kontseiluan jakinarazi zitzaien lurraldeko 88 udaletako ordezkariei. Era berean, 2017ko UFFFren aurrekontuaren berri eman zien Markel Olano ahaldun nagusiak. Debagoienaren kasuan, 40 milioi pasatxoko aurrekontua dago. Foru arduradunek azpimarratzen dute “nahiz eta aurreikuspena jaitsi, udalek jasoko dutena 2015eko likidazioa baino altuagoa izaten jarraitzen du: % 3,38 altuagoa, hain zuzen ere”. Datorren urtekoa izango da “inoizko UFFFik handiena: 467,6 milioi euro”, azpimarratu zuen atzoko bileran Markel Olanok.

Bilkuran izan ziren, Aldundiaren aldetik, Jabier Larrañaga, Ogasun eta Finantza diputatua; Imanol Lasa, foru bozeramailea eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua; Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatua; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politika zuzendaria. Udalerrien partetik, Donostia, Beasain, Elgoibar, Azpeitia eta Oñatiko ordezkariak bertaratu ziren.

"Benetako eguneraketa" otsailean egingo da

Ogasunak otsaila, maiatza, abuztua eta azaroan burutzen dituen lau ordainketen bitartez bideratzen du Udal Finantzaketarako Foru Funtsa udalerrietara. Aurreikuspenak aldatu egin diren arren, Foru Aldundiak esan du azaroan aurrekontuaren arabera ordainduko duela ere. Otsaileko bileran egingo da likidazioa, eta “orduan eguneratuko da benetan saldoa”, esan zuten arduradunek.

Larrañagak gogoratu du pasa den urtean Foru Funtsaren likidazioa positiboa izan zela 7,4 milioi eurotan eta, orduan ere, “zuhurtziaz, agertokian zeuden eta dauden ziurgabetasunak direla medio, arduraz jokatzeko eskatu genien udal arduradunei ordainketa gehigarri hori kudeatzerako garaian. Ziur gaude hala izan direla”. Gogoratu du ere 2009tik hona %35 hazi direla udalek jasotzen dituzten baliabideak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.