Udazkeneko jardunaldiek, tailer eta ekintza ezberdinez gain, bi egun berezi izango dituzte: bata, eztiarena, Arrasaten; bestea, gatzarena, Leintz Gatzagan.
Bariku honetan hasi eta abenduaren 11ra arte iraungo dute XXIV. Jardunaldi Gastronomikoek. Eskualdeko garaiko produktuak oinarri hartuta, Debagoieneko bost jatetxek menu bereziak eskainiko dituzte. Bailarako garaiko barazkiak, onddoak, sagarra eta eztia izango dira protagonista errezetetan, eta menu horiek bailarako bost jatetxe hauetan eskainiko dira: Arrasateko Santanan eta Hilarionen, Oñatiko Goiko Bentan, Bergarako Lasan eta Elgetako Maialden. Modu horretan, bailarako gastronomia ezagutzeko aitzakia paregabea izan daiteke bertakoentzat zein kanpotik datozenentzat.
Aurtengo jardunaldietan, eztiak eta gatzak protagonismo berezia izango dute; alde batetik, eguazten honetan eztiaren lehenengo eguna ospatuko da Arrasaten. Hileko hirugarren zapatuetan egiten den azokaren barruan sartuko da, eta erlegintza mundua jendeari gerturatzea du helburu. Bestetik, urriaren 23rako gatzaren eguna antolatu dute Leintz Gatzagan. Gipuzkoan gatza ekoizten duen herri bakarra izanik, bertan hainbat ekintza antolatu dituzte; guztiek gatza izango dute oinarri, eta egun horretan bertan herrian izaten den azoka ekologikoarekin egingo dute bat.
Bi egun berezi horiekin batera, beste hainbat ekintza daude antolatuta hurrengo asteetan zehar, bertako produktuen aldeko apustua egiteaz gain, turismoa erakartzearen alde ere lan eginda. Elgetan eta Eskoriatzan, esaterako, pintxo lehiaketak antolatu dituzte.