Atzo egin zuten 2016-2017 ekitaldiko programaren aurkezpena Goienagusi elkarteko kideek Etxaluze erretiratuen etxean.
Elkarteko kideez gain, bertan izan ziren Elena Lete Bergarako alkatea, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea Juan Ramon Mendieta Arrasateko kultura zinegotzia eta Amaia Aspiazu Arrasateko Gizarte Ongizaterako zinegotziak.
Ikasturte eta programa berria izan arren, Belen Arrondo Goienagusiko presidenteak azpimarratu zuen elkartearen helburuak berdinak izaten jarraitzen dutela. " Gure helburuak partaideen gaitasunak aberastea, herrian parte hartze aktiboa edukitzea eta aisialdiko ekintzekin ondo pasatzea izaten jarraituko dute".
Adimena lantzeko, jakintzak bereganatzeko eta pentsamendua hedatzeko helburuari jarraiki hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Jose Domingoren eskutik literatura erotikoa, Urko Barrosen eskutik Frantziako arte erromanikoa edo Pedro Saldañak zineari buruzko emango duen hitzaldia dira horietako batzuk. Hala ere, Arrondok Juanjo Alvarezek TTIPren inguruan eta Jose Mari Velez de Mendizabalek Bizente Goikoetxeari buruz emango dituztenak nabarmendu zituen.
Hitzaldiak euskaraz eta gazteleraz izango dira, baina Arrondok adierazi duenez euskaraz ahalik eta gehien egiten saiatzen dira.
Irteerei dagokionez, lehena abenduan egingo dute eta Iruña edo Burgos izango da bisitatutako duten lekua. Hala ere, irteerak antolatzen dituztenak prest azaldu dira era guztietako proposamenak jasotzeko. Elkartea Debagoieneko 95 erretiratuk osatzen dute, eta osasuntsu dago. Horren adierazle da bazkide izateko eskaera egin arren, plaza mugatuengatik itxaron zerrendan geratu diren 34 erretiratuen kasua. Azkenik Belen Arrondok jakinarazi zuen aurtengo ekitaldiaren ondoren kargua utziko duela.