Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Arnaldo Otegi: "Independentismoaren gorakada dator hauteskunde hauetan"

Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiak erabakitze eskubidearen eta Espainiar estatuaren demokratizazioaren gaiarekin ekin dio bere diskurtsoari, Bergaran eginiko mitinean. Gaineratu du "bizikleta estatikotik" jaisteko garaia dela.

"Espainiar estatuarekin erreferendum paktatu bat posible dela esaten duenak, gezurra esaten du. Eta hau ez dugu inori aurre egiteko gogo batekin intentzioarekin esaten, baizik eta uste dugulako, nazio bat eraiki nahi bada, diagnostikoak ongi egin behar direla", azaldu du Otegik.

Horrekin lotuta, Elkarrekin Podemosi dei egin dio Katalunian eta Euskal Herrian martxan dauden prozesu independentistekin bat egin dezala. "Estatua demokratizatzea posible ez dela konprobatzen duzuenean, prozesu hauekin bat egitea eskatzen dizuet, hemen posible delako. Espainian posible ez dena, hemen posible da", azpimarratu du.

Gaineratu du hauteskunde hauetan independentismoaren goraldia datorrela, unionisten porrotarekin batera. Egoera horren aurrean, bi soluzio ikusten ditu Otegik. "Bata da EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemosen arteko itun estrategiko bat, langabeziari aurre egiteko, exilio ekonomikoari aurre egiteko, politika sozial aurrerakoiak egiteko eta hiru herrialde hauek murrizketa sozialik gabekoak izateko. Bigarren aukera, berriz, bizikleta estatikoan jarraitzea, gauzak ez konpontzea, hau da, EAJ, PSE-EE eta PPrena", dio.

EAJri ohartarazi dio herriak badaukala eskubidea jakiteko zeren aldeko botoa emango duten. "Herri honetan, herritarrek badute eskubidea jakiteko, bozkatu baino lehenago, ze gehiengotan egongo zareten. EH Bildu eta Elkarrekin Podemosekin herri hau aurrera eramateko edo PP eta PSE-EErekin herri hau berriz ere atzera bueltan ipintzeko", adierazi du.

Azkenik, EH Bilduren aldeko botoa eskatu du, Euskal Herria "usteltzen ez uzteko", ez Madrilen, ez Parisen ezta Bruselaren eskuetan ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.