Bergarako Besarkada, hainbat irakurketa dituen gertaera historikoa

Laboratorium Museoan gertu dute Bergarako Besarkadaren edo Bergarako Konbenioaren gaineko erakusketa berezia. Bihar, 19:00etan, egingo dute jendaurreko inaugurazioa.


Lehen Karlistaldiaren amaiera ekarri zuen Bergarako Besarkadak orain 177 urte, 1.839ko abuztuaren 31n. Urteurrena kontuan hartuta bihar, eguaztena, inauguratuko dute erakusketa Laboratorium museoan.

Gaur aurkezpena egin dute erakusketako komisario Mikel Alberdik, Donostia 2016ren kultur programako zuzendari Xabier Payak eta Bergarako alkate Elena Letek.

65 pieza ikusgai

Erakusketa ikerketa-kasu bat da. Bergarako Besarkadak amaiera eman zion Lehenengo Karlistaldiari. Bi armadetako buruek, Esparterok eta Marotok, eszenifikatu zuten eta amaitutzat eman zuten sei urteko gerra krudela.

Ikuspegi historikotik hainbat irakurketa egin dira gertaera historiko horren inguruan. Erakusketa honek beste ikuspuntu bat eskaintzen duela esan du ikertzaile eta komisario Mikel Alberdik. Gogoetara gonbidatzen duela adierazi du.

Hainbat erakundek eta partikularrek lagatako 65 pieza jasotzen ditu erakusketak, eta Bergarako Besarkadaren inguruko ikonografia eta bibliografia zabala eskaintzen du. Hainbat grabatu eta dokumenturekin batera erakusketako parte dira ituna sinatu zeneko mahaia, Zumalakarregi jeneralaren largabista edo Espartero jeneralaren sendagai botikina…

Erakusketa Donostia 2016 programako ‘Bake-ituna’ izeneko proiektua baitan kokatzen da eta europar hiriburutzaren sostengua jaso du.

Azaroaren 1era arte egongo da ikusgai Bergarako Laboratorium museoan. Bihar 19:00etan egingo dute jendaurreko inaugurazioa. Antolatzaileek parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.






ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.