Derbi gipuzkoarra Bergaran Kilometroak jaialdiaren alde

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abu. 10a, 10:16

Realak eta Eibarrek Kilometroak jaialdiaren aldeko lagunartekoa jokatuko dute gaur, abuztuak 10, Bergarako Agorrosin futbol zelaian. 19:00etan hasiko da partidua eta Espainiako liga abuztuaren 19an hasiko dela kontuan hartuta, bi taldeak puntu-puntuan etorriko dira. Partiduak ikusmin handia piztu duen seinale, Euskal Herriko zein Estatu espainiarreko hainbat komunikabide izango dira gaur Agorrosinen.

Aurre-denboraldiko emaitzak aintzak hartzen badira, Reala Eibar baino hobeto helduko da Agorrosinera. Txuri-urdinek ez dute partidurik galdu oraindik aurre-denboraldian; Villarealen aurka eta Ingalaterrako maila gorenean lehiatzen duen Burnley-ren kontra berdindu egingo dute eta gainerako partidu guztiak irabazi.

Armaginek, berriz, Real Unionen aurka irabazi zuten ekainaren 19an eta ordutik ez dute partidurik irabazi. Mendilibarren taldea asko aldatu da udan eta jende berria taldera egokitzeko prozesuan dago oraindik. Nolanahi ere, gaurko norgehiagoka batak edo besteak irabazi, euskara eta Ikastolak irtengo dira garaile.

Sarrerak aurrez ere salgai

Amaitzeko, Kilometroak 2016 Bergara lantaldeak gogora ekarri duenez, sarrerak aurrez erosteko aukera dago oraindik; Bergaran, Kilometroak dendan eta Depor zein Pol-Pol tabernetan; Eibarren, Kultu tabernan; Arrasaten, Monte tabernan eta Oñatin Aloña Mendi tabernan. Hala ere, Agorrosingo lehiatilan ere erosi ahalko dira; sarrera orokorra hamabost euro da eta 12 urtetik beherakoek zortzi euro ordaindu beharko dute.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak