Arrasateko igerilekua gainezka ikusi ahal izan genuen atzo eta Usakon ere jende ugari batu zen.
Jende demasa dagoenean, min hartzeko arriskua areagotu egiten da eta horregatik, zuhurtziaz jokatzea eskatzen dute sorosleek. Hala ere, Maddi Mujika Usakoko sorosleak azpimarratu du segurtasun neurriak beti hartu behar direla, jende askorekin nahiz gutxirekin.
Gaineratu du, bero honi aurre egiteko, komeni dela eguzkiak gogorren jotzen duen orduetan, eguerdi arratsalde partean, itzalean egotea eta noizean behin uretara sartu eta freskatzea ere gomendatu du. Horrez gain, eguzkitako kremaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan du, erretzeko arriskuaz ohartarazita.
Bestalde, gaur eta bihar plastikozko ur putzuak jarriko dituzte Elgetako kiroldegian, arratsaldeko 4etatik 7terdiak arte. Bergarako udal igerilekuak ere irekita egon ziren atzo, gaueko 11terdiak arte, proba modura. Antzuolarrek, berriz, pazientziaz hartu beharko dute kontua, ostiralera arte ez dute eta ur-parkea inauguratuko.
Bihartik aurrera giroa freskatu egingo da eta tenperaturak jaitsi egingo dira.