Bergara eta Antzuola lotuko dituen errepideko lanak 2017ko urtarrilean hasiko dira

Xabi Gorostidi 2016ko uzt. 19a, 15:38

Azterketa geotekniko sakona egin dute iraganean izandako arazoak saihesteko, eta proiektuaren barne sartu dute Bergara eta Antzuola lotzeko bidegorria ere. Lehiaketarako aurkeztu duten aurrekontua 45.885.940 eurokoa da, eta bertatik igarotzeko bidesaria ordaindu beharko da.

Markel Olanok Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta Aintzane Oiarbide Bide Egitura diputatuak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, Bergara eta Antzuola lotuko dituen GI-632 errepideko lehiaketa proiektua aurkezteko.

Azpiegitura mailan legealdiko proiekturik garrantzitsuena bezala izendatu du Olanok, Gipuzkoako biribilgunea deituriko proiektua gauzatzeko azken pieza delako. Gaitasun handiko errepide sare honi esker Gipuzkoako bailara guztiak konektatzen dira. "Gipuzkoar guztiek 15km baino gutxiagora edukiko dute errepide sare honetara sarbidea eta horrek lurralde arteko oreka ahalbidetuko du" adierazi du Olanok. Hobekuntza honi esker, Debagoienako, Urola Goienako eta Goierriko enpresen lehiakortasuna ere hobetuko da. 

Diputaziotik, geologia eta geoteknika ikerketa lan sakona egin dute proiektu berria diseinatzeko orduan. Horretarako, geoteknika alorreko profesionalekin batera errepideak aurretik izandako ezponda eta lur-jausiak saihesteko proiektua diseinatu dute. Aurretik egindako estrukturak errespetatu dituzte eta lur horiek aspalditik dituzten mugimenduak kontuan hartuz egin dute diseinu berria.

Irailean aurkeztutako aurrekontua 33 milioikoa zen, baina ikerketa prozesua egin ondoren, Diputazioak lehiaketarako aurkeztu duena 45.885.940 eurokoa da. Kopuru horrek ez du %21eko BEZa barne hartzen, baina lanak Bidegiren izenean egitean BEZ hori berreskuratuko luke Diputazioak. Era horretan, 10 milioi euroko aurrezpena lortuko da.

Proiektuak barne hartzen du Antzuola eta Bergara lotuko dituen bide-gorria ere. Gaur arratsaldeko Bidegiko administrazio kontseiluan onartuko dute lanak Bidegitik kudeatzeko enkomienda, eta organo berdinak plieguak onartuko ditu ostiralean. Azaro bukaeran egingo da lanen esleipena eta 2017 urtarrilean lanak martxan jartzea espero du Diputazioak. 25 hilabeteko epea ezarri dute lanak amaitzeko.

Bidesaria

Bergarako Benta Berri inguruan hasi eta Deskargako tunel berrian amaituko den 5 kilometroko bidea egiteko bidesaria ordaindu beharko da. Aldundiak ez du zenbatekoa zehaztu, baina kamioi eta autoek bidesaria edukiko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak