Iñigo Urkulluk eta Jon Darponek bisita egin diote Debagoieneko ospitaleko profesionalei, duela gutxi lortutako Joint Comission egiaztagiriagatik zoriontzeko.
Diskurtsoaren aurretik ordu erdiko bilera egin dute ospitaleko profesionalekin. Euren lanaren nondik norakoak azaldu, eta egiaztagiri ospetsua lortzeko erabilitako prozedurak zeintzuk izan diren argitu dizkiete profesionalek Urkullu eta Darponi.
Lehendakariak eskerrak eman dizkie egunero egiten duten lanagatik. Era berean, Oñatiko erakunde sanitario integratuko langileak zoriondu ditu, eurek ere lortu baitute hain zaila den Joint Comission egiaztagiria Euskadin lehen aldiz.
Gaur egun, osasun mailako egiaztapenetan ez dago munduan Joint Comissionek adina esperientzia duen erakunderik. Izan ere, 50 urtetik gorako ibilbidea du eta tarte horretan 20.000 osasun erakunde baino gehiagoren kalitatea eta segurtasuna hobetzen lagundu du. Horretarako, hainbat alderdi ebaluatzen dituzte. Besteak beste, pazienteen identifikazio zuzena, profesionalen komunikazioren eraginkortasuna edo arrisku handiko medikazioen gaineko segurtasuna.
Debagoieneko emaitza onak ikusita, bertako lan prozedimenduak gainontzeko euskal osasun zentroetan aplikatzea da Jaurlaritzaren erronketako bat. "Gure helburua da Osakidetzako sare osora zabaltzea konpromiso hau. Zama bat izan arren ekonomikoki, hori da helburua" adierazi du Urkulluk.