Udaero egitasmoarekin astelehenean hasi ziren, eta gaur emango diote amaiera Eskoriatza eta Aretxabaletako 12-17 urte bitarteko nerabeek. Espeleologia Opakuan, Gamarrako igerilekura irteera, eta beste hainbat ekintza egin dituzte aste osoan zehar.
18:30etan batu, eta erosketak egin ondoren, parrillada egin zuten atzo Eskoriatzako bolatoki zaharrean. Batzuk futbolean aritu ziren gosea egiten, beste batzuk afaria prestatzen egon ziren fin-fin, begira soilik batzuk, baina azkenean gustura afaldu zuten batu ziren guztiek.
Nerabeak gustura agertu dira Udaero 2016 programarekin eta gaur egingo duten ekintzaren zain daudela adierazi dute batzuek, beste batzuk aldiz, Gamarrara joatea, edo Gaztelekuan gaua pasatzea izan dutela gustukoen adierazi dute.
Aste honetarako prestatutako egitaraua amaitzean, martitzenean Gazte Konkis ekintzarekin hasiko dira. Aisialdiaz gain, jokoak eginez, kirolaz gozatzeko aukera izango dute.