Errauste plantaren aurkako kanpaldia hasi du Arrasaten Debagoiena Zutik mugimenduak

Lehen gaua egin du Debagoiena Zutik mugimenduak Arrasaten, Debagoieneko Mankomunitatearen egoitzaren aurrean jarritako kanpalekuan. Ustelak lurpera, bizitza da handiena lelopean, 40 bat lagunek pasa dute gaua dozena bat kanpin dendatan. Atzo arratsaldean 400 bat lagunek egin zuten elkarretaratzea bertan, kanpaldiari hasiera emanez.

Elkarretaratze horren ostean, 100 pertsona inguruko batzar irekia egin zuten, "mugimenduaren inguruan hitz egiteko, helburuak adosteko, ekimenerako ideiak partekatzeko…". Afal ostean, gaurko, ekainaren 21erako, egitaraua adostu zuten.

Gizarte eredu oso baten aurkako protesta dela nabarmendu du Igor Tome Debagoiena Zutik mugimenduko kideak. "Gipuzkoan, erabaki politiko batzuen ondorioz, azken urteetan eman diren atzerapausoek kezkatzen gaituzte. Guk erraustegia hartu dugu sinbolo moduan, baina kontziente gara gizarte eredu oso bat dagoela guzti honen atzean, %1 aberatsenen alde egiten duen gizarte eredu bat, hain zuzen ere", azaldu du.

Gipuzkoa Zutik mugimenduak Donostian izan du hasiera eta lurraldean hedatzen doa. "Bailaraz bailara gizarte eredu hori bultzatzen duten erakundeak hartu ditugu sinbolotzat eta hauei gure aldarrikapenak egin. Kasu honetan, Debagoieneko Mankomunitatea hartu dugu, erraustegiaren aldeko apustua hemen elikatu delako, besteak beste", adierazi du Tomek.

Debagoienean atzo ekin zion. Donostiako Gipuzkoa plazan 22 gau daroatzate protestatzen, besteak beste, Zubietako errauste plantaren aurka. Helburu horri eusten dio Debagoiena Zutik-ek ere.

Donostiako Gipuzkoa Plazan bezala, Debagoienean, Arrasateko Nafarroa etorbidea hartu dute operazio gune. Bertan jarri dituzte hainbat pankarta eta Mankomunitateko eraikinaren aurrealdean kleraz idatzi dituzte pare bat mezu. Honako mezuak irakur daitezke: Sistema aldaketa, ez klima aldaketa; Errausketarik ez!; Errauskailurik ez! Ustelak lurpera bizitza da handiena.

Kanpaldiarekin jarraitzeko asmoa agertu dute bultzagileek eta egunero hainbat ekimen antolatzeko asmoa.

Oraingoz, gaurko, honakoa da egitaraua:

  • 08:00: Bizipoz diana.
  • 09:00: Goizeko batzar irekia.
  • 09:30: Pankarta tailerra.
  • 11.00: Eskualdean zehar bizipoza eta aldarria zabaltzera!
  • 13.00: Kontzentrazioa osasungintzako langileek deituta: Gipuzkoarron osasuna jokoan, erraustegirik, zabortegirik ez!
  • 14:00: Bazkaria.
  • Ostean: Batzar ireki txikia.
  • 18:00: Hitzaldia: Zenbat zabor zaborraren gestioan.
  • 19:00: Elkarretaratzea.
  • 19:30: Maria eta Manex bikotearen kontzertu akustikoa.
  • 20.00: Batzar ireki orokorra.
  • 21:00: Afaria.
  • 21:30: Gaubela.
Erlazionatuak

Debagoiena Zutik mugimenduaren kanpaldia Arrasaten

Arrasate

40 bat lagunek pasa dute lehen gaua Arrasateko Nafarroa etorbideko kanpaldian, Mankomunitatearen aurrean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.