Mondragon Unibertsitateko Leinn gradua Txinan emango dute

Mirari Altube Arrese 2016ko eka. 17a, 14:01

Mondragon Team Academy nazioarteko ekintzailetza-sareak Txinan emango du Leinn gradua. Hori ahalbidetzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Oñatin, Mondragon Unibertsitateko eta Shangaiko Nazioarteko Unibertsitateko ordezkariek.

Mondragon Unibertsitateak sortutako Mondragon Team Academy nazioarteko ekintzailetza sareak zortzi urte bete ditu. Horren barruan daude master bi –Barne Ekintzailetzako Nazioarteko Masterra eta Talde Ekintzaileen Trebatzaileak Prestatzeko Masterra–, eta Leinn gradua, Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza gradua, hain zuzen ere; eta Leinn gradu hori, Shangain ere emango dute datorren ikasturtean hasita. Gaur sinatu dute lankidetza hitzarmena, Lander Belokik, MUko Enpresagintza Fakultateko dekanoak, eta Shangaiko Nazioarteko Unibertsitateko ordezkariek, Ye Yuhong eta Kun Zhang.

Pauso garrantzitsua dela azpimarratu dute MUko ordezkariek, Mondragon Team Academy sarea aberastu egingo duelako. Orain hamaika berrikuntza-laborategi dituzte hainbat herrialdetan banatuta, Bartzelonan, Amsterdamen eta Queretaron (Mexikon), besteak beste.

Shangaiko Unibertsitateko ordezkariak ere pozik azaldu dira hitzarmenarekin, eta adierazi dute "gogotsu" daudela ikusteko Txinako lehen hogei ikasleek zelan "eraldatuko" duten norberaren burua lehenengoa eta ingurunea gero, Leinn graduari esker.

Emaitza politak

Mondragon Team Academy abian jarri zeneko zortzigarren urteurrena gogoan duten astean, emaitza benetan politak ematen dabilela Leinn gaineratu du Enpresagintza fakultateko dekanoak: graduatuen %94 lanean dabil, %57k ekiten jarraitzen du eta %32 barne-ekintzailetzan dabil.

Datuekin ez ezik, ikasleen prestakuntzarekin ere pozik agertu da. Izan ere, ikasleak eurak dira ikasteko prozesuaren gidari, coach batek lagun eginda.

Ospakizunak aste guztian

Aste guztian ospatu dute zortzigarren urteurrena eta hamabi herrialdetatik etorritako ikasleak eta irakasleak elkartu dira Oñatin, 300 lagunetik gora. Gaur, egubakoitza, borobilduko dituzte ospakizunak hirugarren belaunaldiko 40 ikasleren graduazioarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak