Goizean goiz hasi dute bisitaldia bailarako udaletako ordezkariek. Lehenik Urkuluko urtegia eta araztegia bisitatu dituzte eta ondoren, Epeleko araztegiaren inguruko azalpenak jasota amaitu dute bisita.
Iñigo Elosegi Gipuzkoako Ur Kontsortzioko zuzendariak azaldu du legealdi bakoitzean egiten direla bisita hauek: "Legealdi guztietan saiatzen gara alkateei, zinegotziei eta udal teknikariei uraren inguruan dauden azpiegiturak erakusten", dio.
Ur Kontsortzioa sortu zenetik, legealdi guztietan egiten dira bisita hauek, Elosegiren esanetan. "Bisitaldi hau antolatzen dugun bosgarren legealdia da, ia hogei urte. Lau urtean behin bisitaldi orokor hau egiten dugu, baina, honetaz gain, bisita pertsonalizatuak egiteko ere eskatzen digute udalek", azpimarratu du.
Bestalde, Elena Lete Bergarako alkateak nabarmendu du bisita hauek "garrantzitsuak" direla udal ordezkarientzat. "Instalazio hauek eragin handia daukate gure ingurumen eta biodibertsitate kalitatean", adierazi du.
Azkenik, Letek azaldu du uraren tratamendua eta kudeaketa ona egiten dela bailaran eta edaten dugun ura kalitate handikoa dela.