Ezusteko barik, eta aurreikusitako moduan gauzatu da independentziaren gaineko herri galdeketa Debagoienean, Aramaion barne. 09:00etan zabaldu zituzten hautetsontziak, eta halakoetan ohikoa den moduan, bereziki eguerdi partean eta arratsaldeko azken orduan izan zuten mugimendurik handiena herri galdeketa ahalbidetzeko lanean jardun zuten 650 bat boluntarioek.
Kontaketa amaituta, emaitza da bozketara gonbidatuta zeuden 16 urtetik gorako ia 55.000 herritarretatik herena joan zela atzo Debagoieneko bederatzi herrietako bozkalekuetara. Emaitza eskasa da hori batzurendako, oso ona, berriz, beste batzurendako. Antolaketan jardun duen herri mugimendua, azken horien artean kokatzen da eta Euskal Herriaren aurretik bide bera landu duen Katalunian izandako hasierako emaitzekin egin du konparaketa Jon Goikoetxeak, Erain Debagoienako komunikazio taldeko bozeramaleak.
Herri galdeketan egindako galderak jasotako erantzunari dagokionez, berriz, independentziaren alde bozkatu du parte hartu dutenen herritarren %27ak.
Hau guztiau gauzatu ahal izateko, Erain Debagoiena bera osatu duten herritarrez gainera, boluntario sare handia mugitu zen atzo, eta jakina, baina aurreko asteetan ere. Eskerrak eman gura izan dizkiete guztiei.
Debagoienekoa eginda, herri ekimen hau hasiera besterik ez dela azpimarratu dute behin eta berriro antolatzaileek, olatu txiki bat, laster etorriko den bigarren olatu bat elikatuko duena. Domino efektua lortu gura dute, hain justu ere.