BECeko Biurtekoan, Debagoieneko enpresa ugari

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko mai. 31a, 15:32

Ibarreko hamar enpresa daude azokan: Bergarako Danobat Soraluce, Tecnosystem SL eta Talleres Filber SL; Antzuolako Oerlikon Balzers; Arrasateko IK4-Ikerlan, Fagor Arrasate eta Fagor Automation; Elgetako Segan Machine-Tools SL eta Sisteco; eta Oñatiko Num CNC Highend Applications.

Goienak Makina-erreminta azokara joan aurretik enpresa hauetako batzuekin egoteko aukera izan zuen.

Tecnosystem SL

Bergarako enpresa hamar ediziotan egon da Biurtekoan. “Biurtekoa egon beharreko toki bat da. Hamar bat ediziotan izan gara. Badakigu 2008an zer gertatu zen. Denok jasan behar izan dugu krisia, eta Biurtekoan ere nabaritu izan da. Enpresa asko ez dira azken urteetan joan. Lehen, beteta egoten ziren pabiloi guztiak, eta 2008-2010eko azoketan, beherakada nabarmena egon zen. Orain, jendea animatzen doa, berriz ere. Dauden berritasunak eta eskaintza ikustera joango dira; beraz, egon beharreko toki bat da. Guk estatu mailan saltzen dugu, eta BECeko azoka estatu mailan makina-erreminta arloan dagoen azoka garrantzitsuena da”, azaldu du Asier Agirrebeña gerenteak.

Asier Agirrebeña Tecnosystem-eko gerentea.

Tecnosystemek argi du BECen dituen helburuak. Izan ere, erakusleiho aproposa da, Agirrebeñak azaldu duen moduan: “Gehienbat, ezagutzera ematea da asmoa. Erakusleiho bat da, zure produktua eta egiten duzuna erakusteko. Kontaktuak egitea, hain zuzen ere. Egia da topagune bat ere badela, bezero, lagun eta jende asko joaten delako, eta denok elkartzeko toki bat ere bada. Saltzen bada, ederto, baina azoketan saltzea ez da ohikoa izaten. Aurretik datorren bezero batekin harremanak eta eskaintzak azokan bertan ixtea eta akordio batera iristea izan daiteke”.

Bergarako enpresak lau produktu berri aurkeztuko ditu Barakaldon. “Berritasun batzuk aurkeztuko ditugu, produktu interesgarriak”, azaldu du gerenteak. Produktu horiek, Eromobilen elektrodo bereziak, aurrerabide automatikoa duen arren eta barautsen desintegratzailea, CNC zuloak egiteko Hankook makinak, eta ura eta olioa banatzeko makina.

IK4 Ikerlan

Azken edizioetan ez da BECn izan IK4 Ikerlan, baina aurten eskaintza interesgarriarekin egongo da azokan: “Egia da guk azoka honetan urteak daramagula egon gabe, baina ikusten dugu batez ere gaur egun fabrikazio munduan eta makina-erreminta munduan gertatzen ari den transformazio digitalerako gure teknologia eskaintza ona dela. Hainbat kasu praktiko egiten ari gara, eta, horregatik, ikusita azoka garrantzitsuena dela gure herrialdean erabaki dugu bertaratzea, bezeroekin harremanak izateko eta gure eskaintza teknologikoa erakusteko”, adierazi du Xabier Sagartzazuk, fabrikazio aurreratu eta antolakuntzako zuzendariak.

“Elektronikaren, komunikazioaren eta informazioaren atalean, eta horri lotzen badiogu mekanika eta fidagarritasun estrukturala, ia 190 pertsona ditugu arlo horietan lanean. Gure berritasunak urruneko gainbegiratzean egiten ari garen proiektuak dira. Sentsorizaziotik hasi eta makina aditu bihurtzean bere parametro kritikoak eta parametro horien eboluzioak nola adierazten dituen makinaren funtzionamendua. Hau da, bere osasun estrukturala nolakoa den. Gure berritasunik handiena horretan zertan ari garen gaur egun erakustea izango da”, dio Sagartzazuk.

Xabier Sagartzazu IK4 Ikerlaneko fabrikazio aurreratu eta antolakuntzako zuzendaria.

Bilbao Exhibition Centerko Biurtekoak makina-erreminta sektorearen argazki nahiko fidagarria erakusten du, Xabier Sagartzazuren ustez: “Dudarik gabe, argazki antzeko bat erakusten du. Momentu honetan sektorearen egoera, nahiz eta enpresatik enpresara ezberdina izan, egia da ekonomikoki beste puntu batean dagoela. Transformazio digitala izango da sektore honetan hurrengo erronka. Transformazio digital horretatik harago zerbitzuak ematea produktuari lotuta, eta gu ere horretan gabiltza. Gure bezeroak ere horretan dabiltza, eta nik uste dut aurtengo azoka arrakastatsua izango dela”.

Oerlikon Balzers

Uztailean 32 urte beteko ditu Antzuolako enpresak. Suitzako Balzers eta Antzuolako Elay enpresen artean sortu zen. “Orain dela 32 urte geruza hauek etorkizuna izango zutela sinistu zutenei esker gaude hemen; tartean, Jose Luis Elkoro, fundatzaileetako bat”, azaldu du Juan Carlos Zengotitabengoa salmenta-buruak. Multinazional baten parte da, eta mundu osoan, 145 zentrotan, 37 herrialdetan, 6.400 langile inguru ari dira lanean.

”Biurtekoan, hasi zenetik edizio guztietan izan gara bitan izan ezik (krisia puri-purian zegoenean). Gure bezero asko ez ziren joan eta ez genuen joateko behar hori ikusi. Izan ere, egun gutxi batzuetan bezero askorekin egoteko aukera ematen du. Helburua, beraz, denbora optimizatzea da. Dauzkagun berritasunak aurkezten ditugu, eta toki bakar baten jende pila bat ikusteko modua ere bada. Betiko kontaktuak zaintzeko, eurekin egoteko, eta betiko azoka helburua. Ezagutzen ez gaituztenendako hor egotea”, azaldu du Nagore Jimenez komunikazio arduradunak.

Nagore Jimenez Oerliko Balzers enpresako komunikazio arduraduna.

“Estatu mailan azoka garrantzitsua da. Makina-erremintan lehenengoa, eta Europa mailan ere oso garrantzitsua da. Egia da bisitak estatu mailakoak direla, hein handi baten, eta, gure kasuan, hori da interesatzen zaiguna. Multinazional baten parte gara, baina guk zerbitzua estatu espainiarrean eta portugaldarrean ematen dugu. Hori da gure merkatua, eta, guretako, egon beharreko toki bat da”, dio komunikazio arduradunak.

Eskaintzen dituzten irtenbideak industriako atal ezberdinei zuzenduta daude. Geruzak, erabiltzen diren aplikazioaren arabera, ezaugarri batzuk ditu abantaila konkretu batzuk lortzeko. Aurten bi berri eramango dituzte BECera: “Alde batetik, ebaketa mundura bideratuta dagoen geruza bat. Engranajeen zizelkatzeari zuzendua. Engranajeak egiteko erabiltzen diren erremintendako geruzak, hain zuzen ere. Balinit Altensa da geruza honen izena. Makinak azkarrago erabili ahal dira, eta sortzen den berotasuna hartzen du. Beste geruza estanpazio mundura zuzenduta dago (Balinit Formera). Geruza hau erresistentzia handiko altzairu aurreratuendako da. Oso gogorrak dira, eta lantzeko zailak. Geruzak altzairu honen zailtasunei aurre egiten laguntzen du”, azaldu du Jimenezek.

Danobat Soraluce

Fresaketa, mandrinaketa eta torneaketarako teknologiari dagokionez mundu mailan liderra da Bergarako Soraluce kooperatiba. Bere ibilbideko 50 urteetan ingeniaritzako ekarpen berritzaileak eta aitzindariak egin izan ditu. Danobat Group taldeko kidea da, Mondragon taldeko makina-erremintaren dibisioko kidea, alegia.

BECeko Biurtekoa, sektoreko Europako beste azoka garrantzitsuekin batera (Milan eta Hanover) erreferentea da Soralucerendako. “Bilboko azoka garrantzitsua da gure sektorearendako, eta orokorrean euskal industriarendako ere. Danobat Groupeko beste enpresekin batera joango gara, aurreko edizioetan bezala, eta 800 metro karratuko erakustoki batean egongo gara. Koste aldetik ere asko exijitzen du dekorazioa, garraioa, muntaia, desmuntatzea... Orain, agian, azoketan egiten den esfortzua txikiagoa izaten da beste hainbat erreminta ditugulako (komunikazioa, internet moduko salmenta kanal berriak...). Iraganean garrantzia handiago zuten ziur aski azokek. Hala ere, egon beharreko tokia da, eta enpresei gonbidapena luzatzen diegu Soralucetik, egiten ari garen berritasunak gertutik ikusteko aukera paregabea izango delako”, azaldu du Rafael Idigoras gerenteak.

Rafa Idiakez, Danobat Soraluceko gerentea.

“FMT multifuntzio deritzogun makina aurkeztuko dugu. Sektorean dauden joeren artean, bezeroek prozesu askoz eraginkorragoak eskatzen dituzte. Hau da, makina berean teknologia ezberdinak uztartzea eta operazio gehiago egitea ahalbidetzea. Makina berri honek fresaketa teknologia eta torneaketa uztartzen ditu. Pieza bat makina ezberdinetatik igarotzea ekidin ahal da makina bakarrarekin. Gainera, hiru berritasun handi aurkezten ditu makina honek. Zenbaketa kontrol mailan, GNG 6-40 kontrola ezarri dugu, makinak belaunaldi berriko diseinua du, eta sektorean berritzailea den DAS sistema teknologia darama. DAS sistemak ebaketarako gaitasun orokorra hobetzen du, azaleraren akaberaren kalitatea hobetzen du, eta tresnak apurtzeko arriskua gutxitzen du, bizitza erabilgarria luzatuz muturreko ebaketa baldintzetan”, azpimarratu du Rafael Idigoras gerenteak.

Sisteco SL

Zintako zerretan, trontzadoretan, ebaketarako produkzio sistemetan, mekanizatuan eta altzairu berezien eta ferrikoak ez diren metalen azaleko tratamenduetan espezialistak dira Elgetako Sisteco enpresan. Azken astean BECera garraiatzeko makinak prestatzen, eta erakustokiaren azkeneko diseinuak egiten ari dira. “Bi urtean behin, beharrezkoa izaten da guretako joatea. 14 hornitzaile ditugu, eta denek eskatzen digute bertan egotea. Azkenean inbertsio bat da, baina bi urtetan buelta ematen zaio. Ez da lehen bezala. lehen azoka guztietan saltzen zen, eta hiru hilabetetan buelta ematen zitzaion inbertsioari. Internetek min asko egin die azokei nire ustez”, dio Ion Beretxinaga Sisteco enpresako industria ingeniariak.

“2008an inoiz izan dugun erakustokirik handiena jarri genuen, eta 2010. urteko azoka oso baxua izan zen. Hala ere, poliki-poliki goraka egin du. 2014an jada hobekuntza nabaritu genuen, eta aurten beste pauso bat emango dela dirudi. Azoketan inbertsioa egin behar dugu, jendeari produktua erakusteko eta apur bat mugitzeko azken finean. Momentua da orain makina onak prezio onean erosteko. Ez prezio baxuenean, baina bai prezio onean”, azaldu du Beretxinagak.

Ion Beretxinaga, Sisteco SL enpresako industria ingeniaria.

Azokan, hiru gunetan egongo da presente Elgetako enpresa: “Lehen dena genuen erakustoki baten zentratuta, eta orain apur bat zatitu egin ditugu negozioak. Hiru stand jarriko ditugu azokan, negozioko beste dibisio batzuetakoak hain zuzen ere”.

2008tik hona Europa mailan Japoniatik ekartzen dituzten estruktura metalikoak lantzeko makina batzuk saltzen hasi da Sisteco. “Berritasunetako bat plasma teknologia bidez perfilak moztu eta markatzen dituen robot bat da. Horren pieza batzuk, bideoak, eta kontzeptua batez ere da nahi duguna azokan aurkeztu”, azpimarratu du Ion Beretxinagak.
Harremanak egiteaz gain, presentzia bera garrantzitsua dela dio industria ingeniariak: “Azoketako muina kontaktuak egitea da. Jendea sarritan etortzen da azoketara ziurtatzeko eskaintzen ari den pertsonak enpresa bat duela atzean. Fidagarritasuna baloratzen da”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak