30 herrialdeko 1.400 enpresatik gora eta horien 2.149 produktu baino gehiago izango dira nazioarteko azokan, aurten 29.a izango dena. BECen izango da, eta dagoeneko ia hedadura guztia erreserbatuta dago. Sei pabiloi izango dira denetara.
Debagoienetik, oraingoz, honako enpresa hauek eman dute izena: Soraluce (Bergara), Tecnosystem SL (Bergara), Oerlikon Balzers (Antzuola), Talleres Filber SL (Bergara), IK4-Ikerlan (Arrasate), Segan Machine-Tools SL (Elgeta), Sisteco (Elgeta), Num (Oñati), Fagor Arrasate (Arrasate) eta Fagor Automation (Arrasate).
Makina-erreminta Ekoizleen Elkarteak (AFM) antolatzen du, Makina-erreminta Inportatzaileen Elkartearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera. Aurten, berrikuntzen artean, bost ardatzeko mekanizatu unibertsaleko zentro berria dago, abiatze-potentzia eta zehaztasun handiagoarekin; munduko mekanizatu-zentro eramangarri txikiena; Dynamics Active Stabiliser sistema berria; eta TruLaser Tube 5000 Fiber makina berria.
Espainiako merkatua, indartzen
Honako herrialdeetako enpresak etorriko dira: Alemania, Italia, AEB, Suitza, Taiwan, Japonia, Frantzia, Erresuma Batua, Austria, Portugal, Suedia eta Herbehereak. Arloko enpresa garrantzitsuenetako batzuk izango dira BECen: Amob, Adige, BLM, Carl Zeiss, Cytec, Flow Europe, Haas, Haimer, Hoffmann, Mmc Hitachi, Nukon Laser Makina, Salvagnini, Siemens, Tornos, Trumpf, VRC eta ZCC Cutting Tools Europe, esaterako.
Erosleen artean ere atzerriko bisitari asko espero dira: Iran, AEB, Alemania, India, Kolonbia, Peru, Portugal, Mexiko, Turkia eta beste herrialde batzuetakoak. Horrez gain, Espainiako barne-merkatua indartzen doan neurrian, Espainiako enpresa erosle asko ere izango dira BECen, batez ere automobilgintza, aeronautika eta moldeen alorretakoak.
2016ko BIEMHek Fabrikazio Aurreratuko Teknologietako Berrikuntza sari nazionala emango du, 12. urtez; aurten, bi kategoria berri izango ditu, gainera: fabrikazio gehigarria eta 4.0 kontzeptuen integrazioa.
Bestalde, ekimen berri bat ere izango da BECen: WORKinn izeneko foroa, industriako lan-orientazioa emateko. Alor horretako enpresak eta profesionalak kontaktuan jartzea da helburua.