Biurteko "onena" inauguratu da gaur, Debagoieneko enpresak ere han direla

Leire Kortabarria 2016ko mai. 30a, 15:34

Gaur, maiatzak 30, inauguratu du Iñigo Urkullu lehendakariak Makina-erremintako Biurtekoa, BECen. 1.533 enpresak hartzen dute parte; tartean, Debagoieneko dozena batek.

Sektoreko agente nagusien bilgune da BEC maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean; ekoizleak, inportatzaileak, banatzaileak eta erosleak. Aurten, 4.0 Industriak aurkezten dituen erronkei enpresek ematen dizkieten erantzunak ikusi ahal izango dira azokan.

Antolatzaileen (AFM, Espainiako Makina-erremintako Ekoizleen Elkartea) esanetan, aurtengoa da azken urteotako biurteko onena, krisiaren bukaera markatzen duena. Hala, orain azkenengo biurtekoan baino %12 enpresa gehiago izango dira; denetara, 27 herrialdeko 1.533 enpresa, horietatik %59, atzerritarrak. Italia, Frantzia, Alemania, Portugal eta Taiwango enpresa asko etorri dira. Erakusketa-hedadura orain bi urtekoa baino %5,5 handiagoa da, BECen erakusketa-hedadura osoa.

2.605 produktu daude erakusketan, eta bolumen handiko 1.163 makina egongo dira martxan. Ekonomia-inpaktua 36 milioi eurokoa izango da, 1.000 lanpostu sortuko dira eta diru-kutxa publikora 5 milioi joango dira.

Gazteendako topaketa, fabrikazio aurreratua eta ekonomiaren gaineko mahai-ingurua

Azokarekin batera, gazteendako WORKinn enplegu eta formazio topaketa egingo da. 100 lanpostu baino gehiago eskainiko dira bertan eta 6.000 ikasle baino gehiagok eman dute izena topaketan parte hartzeko. Lehenengo aldia izango du ere ADDIT3 azokak, aurreratutako ekoizpenean ekoizpen gehigarriari eta 3Dkoari eskainia, 84 enpresarekin.

Biurtekoarekin modu paraleloan, Euskal Kazetarien Elkarteak antolatuta, Euskal ekonomia eta industriaren egoera eta erronkak mahai-ingurua egingo da ekainaren 2an, BECen bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak