Heziketa ziklo berriek Arizmendi ikastolak duen heziketa zikloen eskaintza osatu egingo dute. Orain dituztenak dira Erizaintzako zaintza osagarriak, erdi mailakoa hau ere, eta Gorputz eta kirol ekintzen animazioa (Tafid), goi mailakoa.
Osasun larrialdiak zikloak eskaintzen du osasun-sektorean, publikoan zein pribatuan, lan egiteko aukera, pazienteak lekualdatzen eta hasierako osasun-laguntza eta laguntza psikologikoa ematen. Hala, anbulantzietako gidariak eta teknikariak trebatuko dituzte, besteak beste.
Mikroinformatika sistemak eta sareak heziketa zikloak, ostera, ordenagailuen bueltan lan egingo duten adituak trebatuko ditu; tresneria, sareak eta zerbitzuak merkaturatzen, muntatzen eta konpontzen diharduten zerbitzu-sektoreko enpresetan zein mikroinformatika sistemak eta datu-sareak erabiltzen dituzten edozein erakundetan lan egiteko.
Erdi mailakoak dira bi ziklo berriak, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua dutenei daude zabalik (adina kontuan hartu gabe).
Ziklo berrien arrazoiak
Bi ziklo horiek hautatu izanaren atzean hainbat arrazoi daude. Batetik, Batxilergoko bidea hartu gura ez duten ikasle asko egotea, baita Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek aurrera jarraitzeko bidea izatea. Horiendako ikasketa aproposak direla jakinarazi dute: "Oso praktikoak, zehatzak eta erakargarriak dira eta uste dugu ikasle horien interesa piztu eta ikasten jarraitzeko motibazioa bultzatuko dutela", jakinarazi du Edurne Erauskinek, Arizmendiko Lanbide Heziketako zuzendariak.
Bestetik, aukeratutako sektoreetan profesionalen beharra dagoelako: "Zentzu honetan, langabeendako ere aukera ona da, prestakuntza interesgarria lortzeko eta txertatze laborala ahalbideratzeko", dio Erauskinek eta gaineratu du:" Hirugarrenik, aukeratutako zikloek ikasten jarraitzeko aukera ematen dutelako".
Bi ziklo berrietarako zein lehendik daudenetarako aurrematrikulazio epea ekainaren 6an zabalduko da eta 17a bitartean egin ahal izango da. Horretarako Arizmendi ikastolara jo behar da (Otalora lizentziaduna, 8).
Onartuen behin betiko zerrendak uztailaren 5ean argitaratuko dituzte eta erreklamatzeko epea uztailaren 6aren 14:00ak arte egongo da zabalik; behin betiko zerrendak uztailaren 8an argitaratuko dituzte. Ikasle horiendako matrikula epea izango da uztailaren 11tik 15era.