Euskarazko Magia Mostra egingo dute, aurten, Elgetan ekainaren 3tik 5era

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko mai. 25a, 13:29

Ekaineko lehenengo aste bukaerarako iragarri dute eta Asier Kidam, Tor, Txoborro eta Imanol Ituiño magoek egingo dituzte ikuskizunak. Umeendako magia tailerrak ere antolatu dituzte. 

Asier Kidam mago gasteiztarrak zabalduko du ekainaren 3an Elgetako Magia Mostra. Ez da bakarrik izango. Biharamunean, ekainaren 4an beste hiru mago euskaldunek egingo dute ikuskizuna Espaloia kafe antzokian, eta domekarako umeendako magia tailerrak iragarri dituzte.  

Kidamek ez du ekainaren 3ra arte itxaron Elgetan magia trikimailuak egiteko. Gaurko aurkezpenean txanponekin jolasean ikusi dugu. Orain agertu, orain desagertu. Ikusleak zur eta lur uzteko moduko ikuskizunak iragarri ditu ekaineko lehen aste bukaerarako. "Ostiralean '1805' izeneko ikuskizuna egingo dut, familia giroan gozatzeko modukoa. Bertan magiaren historiari buruz gauza batzuk kontatuko ditut eta magia piloa egingo dut. Larunbatean Tor, Txoborro eta Imanolek ikuskizun berezia egingo dute ilusio handiekin. Espainiako Magia Kongresuan saritutako trikimailu bat ikusteko aukera ere izango dute ikusleek".

Euskarazko Magia Mostra

Euskarazkoa izango da aurten Elgetako Magia Mostra. Hala, diziplina horretan diharduten artista euskaldunak izango dira taula gainean. "Aurtengoa urte berezia izango da guretzako euskaraz egingo den Magia Mostra izango delako. Euskal Herri mailan lehenengo aldiz antolatuko da horrelako erakustaldi bat", esan du Elgetako kultura zinegotzi Janire Lazkanok. Euskarazko magiak euskal sorkuntzan duen indarra nabarmendu nahi izan du Lazkanok. "Sinisten dugu Espaloia kafe antzokia moduko espazio batek euskal sortzaileen lana indartzeko urratsak ematen jarraitu behar duela".

Sarrerak salgai

Pikupe Produkzioak antolatzen du Euskarazko Magia Mostra Elgetako Udalaren laguntzarekin. Pikupeko Iker Muruamendiarazek azaldu du salgai daudela sarrerak. Asier Kidamek barikuan egingo duen ikuskizunerako sarreraren prezioa da sei euro, eta zapatu gauean Torrek, Txoborrok eta Imanol Ituiñok egingo duten ikuskizunerako sarreren prezioa da hamar euro.


Salmenta puntuak dira Pikupek Bergaran duen bulegoan zein www.pikupe.com. Elgetan ere eskuragarri daude bai Haizea zein El Rincón de Lola tabernetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak