Hondakinen bilketa sistema berria martxan astelehenetik, Bergaran eta Eskoriatzan

Amaia Txintxurreta 2016ko api. 14a, 15:10

Astelehenetik aurrera, Bergaran eta Eskoriatzan martxan jarriko dute hondakinak batzeko sistema berria. Edukiontziak jartzen dituzten momentutik, horiek erabili beharko dira bi herrietan. Aretxabaletan, irailean abiatuko dute sistema berria. Gaur eman dute sisteman berriaren gaineko zehaztasunak Bergara eta Eskoriatzako alkateek eta Debagoieneko Mankomunitateko presidenteak. Haiekin izan dira Eskoriatzako eta Bergarako Ingurumen zinegotziak.

Astelehenean jarriko dituzte edukiontziak Bergaran eta Eskoriatzan, eta astelehenetik aurrera, hondakinak batzeko bosgarren edukiontziaren sistema erabili beharko da bi herri horietan.

Herri bakoitzak bere puntuak ezarri ditu, eta horretarako, hainbat gauza hartu dituzte kontuan: erabiltzaile kopurua, distantzia, irisgarritasuna eta erabiltzaileendako segurtasuna, besteak beste.

Bergaran edukiontzien 65 puntu ezarri dira; 60tan, bost edukiontziak jarriko dituzte, eta beste bost puntuetan organikoaren eta errefusarenak bakarrik jarriko dituzte. Batez beste, 87 etxebizitza izango dira edukiontzi bakoitzeko Bergaran eta txip bidezko 6.300 txartel pasatxo egin dituzte.

Eskoriatzan, berriz, edukiontzien 21 puntu izango dira guztira; 20 puntutan bost edukiontziak jarriko dira eta bakarrean jarriko da organikoarena eta errefusarena. Batez beste, 93 etxebizitza izango dira edukiontzi bakoitzeko. 1.700 txartel pasatxo atera dituzte Eskoriatzarako.

Edukiontziak zabaltzeko txartelak banatzen ari dira bi herrietan, Bergaran eguaztenera bitartean %70 inguru banatuta zeuden, eta Eskoriatzan, ostera, %80a dute banatuta. Mankomunitatetik herritarrei eskatu diete txartelak hartzera joateko.

Bergaran Udaletxean jaso ahalko dira txartelak, eta Eskoriatzan Ibarraundi museoan.

Sistema merkeagoa

Sistema berriaren kostu ekonomikoari buruz Elena Lete Bergarako alkateak jardun du. Hiru herri horietan ezartzeak Debagoienari ekarriko dion aurrezpena nabarmendu du: "Bergaran eta Eskoriatzan bakarrik ezarrita, kudeaketaren kostua %6 jaitsiko da bailaran, Mankomunitatean, 200.000 euro inguru; eta Aretxabaleta batzen denean sistema berrira, eraginkortasun aldetik hobeto egongo gara eta aurrezpena bikoitza izango da: 400.000 eurokoa".

Letek azaldu du horrenbeste aurreztea lortuko dela "ibilbideak trinkoagoak direlako eta ahalbide pertsonalak eta mekanikoak hobeto aprobetxatzen direlako". Gaineratu du atez ateko bilketarekin ez zela aurreztu eta bi urte eta erdian, Bergararen kasuan, "kostua %253 handitu" dela.

Giza baliabideei dagokienez, lanpostu bat galduko dela esan du, "baina ez da soilik sistema berriaren eraginez, baizik eta akordiorik ez" delako lortu. Beste langile batzuen ordutegian aldaketak egongo dira eta hori dena Cespa enpresak antolatu eta kudeatuko du.

Joxerra Zubizarretak gaineratu du "lan handia" egin ostean "hitza bete" duela Udal gobernuak, sistema berria astelehenean martxan jarriko delako.

Alkateek azpimarratu dute bilketa sistema desberdina izan arren, etxean egin beharreko sailkapena eta banaketa lehengo berbera izango dela.

Eta Joxerra Zubizarreta Eskoriatzakoak, bestetik gaineratu du, lan handia egin ostean hitza bete dutela sistema berria astelehenean martxan jarriko delako.

Aretxabaletan irailean

Aretxabaletan, bestetik, irailean ezarriko dute sistema berria eta bertako alkate Elkorok gaineratu du nahiz eta Bergaran eta Eskoriatzan hemendik aurrera komertzioetan eta industriaguneetan gaur egungo sistemarekin jarraitu, hobekuntza iraunkor baten barruan daudela murgilduta eta hurrengo pausua izango dela aztertzea komertzioetan eta industriaguneetan hondakinak nola bildu ahal izango diren sistema berriarekin. Aretxabaletako ezarpenarekin bukatu ostean, horrekin hasiko dira lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak