Aritz Egea jaun eta jabe Arrasate-Udalatxen

Aritz Egeak ez du aurkaririk izan gaur. Lasterketa hasi orduko hartu die aurrea gainerako guztiei eta bakar-bakarrik egin du ibilbide guztia. Helmugan sei minutuko aldea atera dio bigarrenari, Aritz Kortabarria arrasatearrari, eta hirugarrena izan da, Jokin Garai oñatiarra. Emakumezkoetan, ostera, lehia estua egon da Aitziber Ibarbia eta Maria Zorrozaren artean, eta helmugan Zizurkilgo Ibarbia izan da nagusi.

"Elkar ezagutzen gara guztiok eta nire mailakorik ez dela etorri ikusi dut. Hala ere, sekula ezin zara despistatu, badaezpada. Horregatik erabaki dut aurrera egitea eta gero margenarekin jokatzea", jakinarazi du bukaeran Ezkio Itsasoko Aritz Egeak, eta gaineratu: "Hasieran ez naiz fuerteegi joan. Eta gero, aldapa behera konplikatua zegoen, eta helburua minik ez hartzea zenez, lasai... Besaidetik aurrera etorri naiz ahalik eta azkarren". Iaz Imanol Goñik egindako denbora (01:49:17) gutxigatik ez du hobetu Egeak (01:49:23).

Haren atzetik sartu da Aritz Kortabarria (01:55:04) arrasatearra eta hirugarrena izan da, Jokin Garai oñatiarra (01:58:07). Sailkapena osorik hemen.

Emakumeen arteko lehia

Emakumeen arteko lehia estuagoa izan da. Aitziber Ibarbia izan da nagusi (02:14:42) helmugan Maria Zorroza gernikarraren aurretik (02:15:54), baina ondo kostata hartu diola aurrea horri adierazi du Ibarbiak bukaeran: "Maria joan da aurretik lasterketa guztian, eta azken unean, nire aukera ikusi dudanean, aprobetxatu dut". Lasterketa "zaila" izan dela onartu du; izan ere, lesio bat izan berri du eta orain dela hiru astetik dabil entrenatzen: "Korrikarako erritmoa falta dut oraindik".

Hirugarren emakumea, ostera, Beasaingo Elena Calvillo (02:28:05) izan da.

Aparteko eguraldia eta giro zoragarria

Bigarrenez egin den Arrasate-Udalatx mendi lasterketan 300 lagunek eman zuten izena eta horietatik 245 izan dira helmugan. Lasterketa "gogorra" izan da askorendako baina "polita" guztiendako: "Aparteko eguraldia, paraje benetan politak eta Udalatx inguru guztia zalez gainezka. Zoragarria izan da!", zioten gehienek.

Antolatzaileak, Mondraitz taldeko kideak, ere gustura daude bigarren lasterketa honek emandakoarekin: "Izugarrizko giroa egon da bai Udalan, bai Udalatxen. Lasterketa gogorra, baina disfrutatzeko modukoa izan dela jakinarazi digute korrikalariek eta geu ere pozik", zioen Eneko Urrizalkik, antolatzaileak, bukaeran. Istripu txikiak izan dira, ipurdikoak eta zauri arinak, baina apartekorik ez: "Jaitsiera arriskutsu egongo zela esanda geneukan eta hantxe izan dira eroriko batzuk".

Eta bigarrena bukatuta hirugarrena gertatzeko gogotsu agertu dira Mondraitzeko kideak.

Erlazionatuak

II. Arrasate Udalatx mendi lasterketa

Arrasate

Arrasate Udalatx mendi lasterketak eman duena argazkitan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.