Aizkorri-Aratz parke naturalak ia 20.000 hektarea dauzka, horietako hiru laurden daude Gipuzkoakoan eta lur-jabe pribatuena da horren %60a. Parkea, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko dekretua onartu zen 2015eko ekainean eta horrek kudeaketa eskuliburu bat zekarren arau batzuekin. Lur-jabeen iritzia ez zen kontuan hartu eskuliburu hori egiterako orduan eta desinformazioa ere salatu zioten Eusko Jaurlaritzari lur-jabeek.
Orain, elkarte bat sortu dute Debagoieneko eta Goierriko lur-jabeak eta parkeko erabiltzaileak (mendizaleak, ehiztariak eta baso zaintzaileak) batzen dituena. Eta izen hau jarri diote: Zalolez Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Lur-jabe eta Erabiltzaile Gipuzkoarren Elkartea. Bertan, Zegama, Aretxabaleta, Leintz Gatzaga, Oñati, Legazpi, Eskoriatza eta Zeraineko lur-jabeak eta erabiltzaileak batzen dira. Hain justu ere, atzo egin zuten elkarteko lehen batzar orokorra Oñatin, eta guztira 88 lagun elkartu ziren.
Diputazioarekin eta Jaurlaritzarekin kontaktuan
Oñatin egindako batzar orokorrean azaldu zuten nortzuk diren eta orain arte zein lan egin dituzten. Adierazi zuten hasieran Jaurlaritzak ez zuela euren iritzia kontuan hartu, baina egin dituzten bileren ondoren, bide onetik doazela azpimarratu dute. Eskatzen dutena da euren iritzia kontuan hartzea, eta momentuz, erantzun ona izan dute, horixe azaldu du Zalolez elkarteko lehendakariorde Andoni Altunak.
Eskuliburuaren bigarren bertsioa asko aldatu dela diote, hasieran 113 arau zeuden derrigorrez bete beharrekoak, eta orain 80 daude, esaterako.
Informazio gehiagorako
Diputazioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarraituko dute aurrerantzean ere eta euren helburuak dira egiten ari direna ezagutzera ematea eta lur-jabe eta erabiltzaile gehiago batzea elkartera. Eurekin harremanetan jartzeko, posta elektroniko helbidea eman dute: aizkorriaratzelkartea@gmail.com.