Bidegik neurriak hartu ditu Aste Santuko joan-etorrien aurrean

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko mar. 23a, 15:58

Irungo eta Zarauzko ordainlekuetan langile gehiago izango dira gaurtik astelehenera bitartean, espero diren ibilgailuen zirkulazioa arintzeko. Bestetik, Bidegitik gogorarazi dute egunotan Biriatuko mugan auto-ilara "handiak" sor daitezkeela Frantzia noranzkoan, mugan egon daitezkeen segurtasun neurriengatik.

Gaurtik astelehenera bitartean, Aste Santuko oporrak direla-eta, Irungo ordainlekutik 163.000 ibilgailu igaroko dira bi noranzkoetan. Horixe da AP-1 eta AP-8 autobideak kudeatzen dituen Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia Bidegiren aurreikuspenena. 163.000 ibilgailu horien %45a Iparralde-Frantziara joango da eta beste %55ak Behobiatik Bilborako noranzkoa hartuko du.

Ibilgailuen gorakada handienak

Frantzia noranzkoan ibilgailuen gorakada handiena biharko espero da, eguenerako, eta Bilborantz, berriz, etzirako, egubakoitzerako, Frantziako lehen opor egunerako, hain justu ere. Bestetik, Bidegiren aurreikuspenen arabera, Zarauzko ordainlekutik, 191.000 ibilgailu igaroko dira sei egun hauetan.

Neurriak, itxaron denborak murrizteko

Aurreikuspen horiekin eta mugimendu gehien dituzten egunei begira, Bidegik Irun eta Zarauzko ordainlekuetan langile gehiago izango ditu kabinak irekita mantentzeko, eta ondorioz, trafikoa arintzeko eta sor daitezkeen itxaron denborak murrizteko. Eta egun hauetako joan-etorriak errazteko, bertan behera geratuko dira autobideetan egiten ari diren lanak.

Informazio gehiago

Bestalde, gogorarazi dute Biriatuko mugan gobernu frantziarrak ezarri ditzaken segurtasun neurriak direla-eta, auto-ilara "handiak" sor daitezkeela Frantzia noranzkoan. Horregatik, mugaz-gaindiko joan-etorriren bat aurreikusita dutenei gomendatzen die informatuta egotea, bai Eusko Jaurlaritzako Trafikoko webgunean, Twitterren, Bidegiko webeko mapan edo 011 telefonoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak