Ane Irazabal: "Oso gogorra da Europako bihotzean gertatzen ari delako"

Josu Bilbao 2016ko mar. 15a, 13:08

Errefuxiatuekin batera 30 pertsonako kazetari eta boluntario talde bat atxilotu zuen atzo Mazedoniako poliziak, tartean Ane Irazabal. Arrasateko kazetaria libre utzi dute 60 euroko isuna ordaindu ostean.

Atzo beste kazetari batzuekin batera atxilotu zintuzten. Zer moduz zaude eta non zaudete une honetan?

Gu ondo gaude. Kazetariak atxilotuak izan ginen eta mugako komisaria batera eraman gintuzten, eta guretako ez zen arazo handirik izan. 60 euro ordaindu eta kanpora atera ginen. Arazoa errefuxiatuendako da. Haiek ere atxilotuak izan ziren eta poliki-poliki gauean zehar berriz ere Greziara bueltatu dituzte Idomeniko lokatzetara. Beraz, haien egoera oraindik okerragoa da.

Errefuxiatuen azken saiakera izan da hau?

Bai, azken saiakera izan zela esan dezakegu. Izan ere egunak eta egunak zeramatzaten itxaroten, askok itxaropena galduta zuten, eta Mazedoniara hezi bat gurutzatu gabe, salto egin gabe, pasatzeko ikusi duten azken aukera izan da. Familia asko animatu ziren, emakumeak, haurrak, ume txiki-txikiak, baina Mazedoniara gurutzatuta, lehen herrixkan polizia eta militarrak zain zeuden. Errefuxiatuak atxilotu eta Greziara bueltatu dituzte gauean zehar. Orain lur jota daude, askorendako azken esperantza zelako.

Zein da Idomenin daudenen egoera?  Ze aukera dituzte orain?

Egoera zeharo kaotikoa da. Desastre bat da gertatzen ari dena. Iragan astean 12.000 pertsona inguru zeuden, eta egia da azken egunetako euriteengatik jende askok alde egin duela. Batzuk Greziako gobernuak eraikitako kanpalekuetara joan dira, baina beste askok eta askok oraindik itxaropena mantentzen dute. Ez dute sinisten Balkanetako ibilbidea zeharo itxita dagoenik. Baina egia gaixo asko daudela, ume asko ere daudela eta hotza eta izugarrizko hezetasuna dagoela. Dena urez gainezka dago.

Eguenean bilera dago Bruselan. Errefuxiatuek badute erabakiren bat hartuko denaren itxaropena?

Batzuk esperantza handia dute, eta beste batzuek ez. Azken hauek Europaren ametsa amaitu dela uste dute, eta gainera esaten digute Siriara edo Irakera, gerrara itzultzea pentsatzen ari direla. Hau ez dela haiek espero zuten Europa esaten digute, eta ez dutela aurrera jarraitzeko ilusiorik. beraz, askok esaten digute Turkiara edo agian haien herrialdeetara itzuliko direla.

Gatazka asko jarraitu dituzu. Hau bereziki gogorra iruditzen zaizu?

Hau oso gogorra da Europako bihotzean gertatzen ari delako, eta denon erantzukizuna delako arazo honi irtenbide duin bat ematea. Europarrok ezta gure gobernuak ez gaude ondo jokatzen ari krisi honen aurrean. Gehiago egiteko gai garela uste dut.

Erlazionatuak

Libre utzi dute Ane Irazabal kazetari arrasatearra

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016 mar 14 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak