Arlabango errepideak itxita jarraitzen du, oraingoz, lur-jausi baten ondorioz. Trafikoa AP1 errepidetik desbideratzen ari dira, lurrak eragindako kalteak konpondu arte. Oraindik ez dira errepidetik lurra kentzeko lanak egiten hasi.
Aretxabaletatik Eskoriatzara doan bidegorrian lur-jausia gertatu da gau partean. Bidegorria guztiz itxi du eta errepideraino iritsi dira zuhaitzak eta lurra. Handik ume eta gazte asko joaten dira Arizmendi ikastolako Almen gunera eta horregatik udaltzainak eta ertzainak lehen orduan agertu dira errepide bazterra egokitzeko oinezkoendako eta seguru pasatu ahal izateko.
Orain dela hiru urte, 2013ko otsailean ere, antzeko lur-jausia gertatu zen oraingo lekutik metro gutxitara.
Elgetan ere, luizia izan da, BI 2632 errepideko 43. kilometroan, baina errepidea hasiera batean moztuta egon arren, jarraian trafikoarendako ireki dute berriz ere.
Elorregin, bestalde, 1,76 metrora heldu da goizean uraren maila, eta ibaia gainezka egiteko zorian izan da zenbait unetan. Azken asteko mailarik altuenera iritsi da, baina pixkanaka uraren maila jaisten ari da. Oñatiko Zubillaga auzoko bidegorria eta Elorregiko biribilguneko lur azpiko bidegorri itxita daude, uraren ondorioz. Oñati erreka eta Deba ibaia hasita doaz puntu horretan.
Urkuluko urtegian ere nabarmen egin du gora uraren mailak. Une honetan %95,5eko betetze maila gainditu du. Azkeneko astean ia %15eko igoera izan du urtegiak, eta urtarriletik hona, ehuneko 30a baino gehiagoko gorakada izan du.
Oñatin, gainera, Araotz auzoan dagoen presak gainezka egin du, eta ur emari handia erortzen ari presatik behera.