'Debagoiena eredu. Zabortegirik ez' plataforma, martxan

Goiatz Arana Begiristain 2016ko mar. 1a, 19:19

Plataformako kideek agerraldia egin dute Kulturateko areto nagusian, euren burua jendaurrean aurkezteko eta jada zehaztuta dituzten ekintzen berri emateko. Ez dutela zabortegi nahasi bat onartuko eta horretarako euren esku dagoen guztia egingo dutela berretsi dute.

Hiru ekintza aurkeztu dituzte:

  • Aste honetan bertan, Debagoieneko Mankomunitateari idatzi bat helaraziko diote galdetuz zein harreman dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Gipuzkoa osoko zabor nahasia jasotzeko.
  • Hitzaldiak antolatuko dituzte Debagoieneko herri guztietan, zabortegi nahasiek sortzen dituzten arazoen eta beste aalternatiben berri emateko.
  • Zabortegiaren aurkako sinadurak bilduko dituzte herririk herri, ondoren mankomunitatean aurkezteko.

Plataformako kideen esanetan, hondakinen %78 birziklatuz, debagoiendarrek "ardura eta errespetua" erakusten dituzte eta gauza bera egiteko eskatzen diete gainontzeko gipuzkoarrei ere: "Zergatik ez da egiten Gipuzkoako beste herrietan? Debagoienean ere herri txikiak, ertainak eta handiak ditugu, alderdi politiko ezberdinek gobernatuak, eta posible da. Lehen hilabetetik lortu daitezke, gainera, emaitza horiek".

"Informazio falta" salatu dute eta euren helburu nagusietako bat informazioa lortu eta herritarrei ematea dela azaldu. Edozein kasutan, eta dituzten datuen arabera, Kantabriara lau urtean 200.000 tona zabor nahasi eramateko hitzarmena dagoela esan dute, lurraldean 165.000 sortzen direnean urtero.

Terminoak ere argitu nahi izan dituzte, esanez Epelera ekarriko litzatekeena ez litzatekeela errefusa izango, zabor nahasia baizik: "Errefusa da hondakinak gaika biltzetik geratzen den frakzioa, baina gaikako bilketarik ezean sortzen dena zabor nahasia da eta hori da gutxitu beharrekoa, hain justu. Eta posible da; Debagoienean ondo erakutsi dugu hori".

Arrasateko Udalari ere egin diote erreferentzia: "Hogei bat urtez Akeiko zabortegia martxan izan eta gero, zaborraren kupoa beteta dugu honezkero eta, horregatik, Arrasateko Udalak, bereziki, indarra egin beharko luke zabor nahasia Epelera ekartzeko aukera guztien kontra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak