Donostia, Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Mauleko alkateak MUn bilduko dira

50 urtetan lehen aldiz bost hiriburuetako alkateak euskaldunak dira, eta euskararekin zer harreman eta zer erronka dituzten aztertuko dituzte. Jardunaldia martxoaren 10ean izango da, Huheziko Eskoriatzako campusean.

Lehen aldiz historian, Hegoaldeko lau hiriburuetako alkateak (Juan Mari Aburto, Bilbo; Gorka Urtaran, Gasteiz; Eneko Goia, Donostia;  eta Joseba Asirón, Iruñea) eta Zuberoako alkate bat (Michel Etchebest, Maule) euskaldunak dira. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta Mauleko alkateek euskaraz jakitea eta euren eguneroko jardueretan erabiltzea historikoa da, eta hori aprobetxatu nahi izan du Mondragon Unibertsitateak jardunaldi batean bost alkate horiek biltzeko, euskararekin zer harreman duten eta norberaren udalerrian euskararen inguruan zer erronka dituzten aztertzeko.

Jardunaldian parte hartu nahi dutenek izena emateko, mezu bat bidal dezakete harrera.huhezi@mondragon.edu helbidera, edo 943 71 41 57 telefono-zenbakira deitu. Jardunaldiaren lehen zatian, parte-hartzaileen udalerrietan euskararen arloan dauden erronketan jarriko da arreta, eta bigarrenean, alkate bakoitzak euskararekin zer harreman duen –alegia, euskararekiko zer ibilbide pertsonal duen– azalduko du.