EKT saioak berriz Goiena telebistan

Goiatz Arana 2016ko ots. 24a, 17:14

Goiena telebistak berriz emitituko ditu EKT saioak, Huheziko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren bueltan ekoiztutako saioak, alegia. Aditu titulu horren bitartez, euskalgintzaren eta kulturgintzaren alorrei egindako ekarpena azpimarratu dute alde bietako ordezkariek, baita zabalkuntzan egindako lana eta elkarlanaren garrantzia ere.

Musikariek, sortzaileek, kazetariek, politikariek edota unibertsitate irakasleek parte hartu dute saioetan eta kultur sorkuntza, euskara, hegemonia, erakundeak eta beste hainbat gai izan dituzte gogoetarako iturri.

Hizlariek egindako adierazpenekin, 20-30 minutuko saioak osatu ditu Goienak, oso arinak, baina mamidunak, eta mani horretatik norberak asko jaso dezake, Jon Berezibar egilearen hitzetan.

Jakintza biltzea, sortzea eta transmititzea lehen momentutik izan dira Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren asmoak. Hasieratik egin dute zabalkunde lan hori, baina Goienaren erreportaje sortarekin beste dimentsio bat hartu du.

2007-2008 ikasturtetik gaur arte EKTk egindako ibilbide oparoa azpimarratu du Huheziko dekanoak. Kontsolidatu den eskaintza dela esan eta azken edizioan Goienak egindako ekarpena azpimarratu du horrek ere; batez ere blogean egindako lana, meta-transmisio bat egiten delako bertan. Hausnarketarako bidea ere ematen du, bere esanetan.

Goienak eta MUk elkarlanerako sinatuta duten marko orokor baten barruan kokatu ditu EKT saioak, Goienako zuzendari Iban Arantzabalek. Elkarlan honek zer suposatu duen azaldu eta zabalkunderako bideen berri eman du.

Goiena telebistan eguenetan ikusi ahal izango dira saioak, gaueko hamar t’erdietatik aurrera. Bihar bertan izango da lehena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak