Konpondu dute Antzuola-Bergara zatian 2014ko uztailean eroritako ezponda. Obra horri 2015eko abuztu hasieran ekin zioten eta eroritako materiala kendu, ezponda berriro egin eta apurtutako puntua eta ingurua egonkortu dituzte. Epe barruan amaitu dituzte lan horiek eta aurreikusitako aurrekontuarekin.
Bide Azpiegitura diputatu Aintzane Oiarbidek esan du ezponda konponduta egotea oso albiste ona dela errepidean zegoen arriskua "erabat ekidin" dutelako dagoeneko.
Proiektuaren epeak
Orain, Antzuola-Bergara zatia egiteko proiektuaren idazketarekin daudela azaldu du Oiarbidek eta asmoa da proiektu hori apirila amaierarako bukatuta egotea. Gipuzkoako biribilgunea bukatzeko Antzuola-Bergara zatia gelditzen da, eta zati hori amaitutakoan, Gipuzkoako edozein herritik 15 kilometrora, gehienez, gaitasun handiko errepide bat izango dela adierazi du diputatu nagusi Markel Olanok.
Oiarbidek bestetik, gaineratu du azken zati hori egiteko proiektua udara partean lizitatzea aurreikusten dutela eta lanekin urte amaieran hastea da euren asmoa. Olanok berretsi du espero dutela 2018 amaieran obra amaituta egotea.
Trazatua aldatu beharra
Ezponda erori zenean, gune horretan trazatua aldatu beharrean aurkitu zen Gipuzkoako Foru Aldundia, hirugarren adarra egingo zen lekua luiziak hartu zuelako. Eta Bide Azpiegitura diputatuak azpimarratu du proiektuaren ildo nagusian hobekuntza nabarmenak egon direla. Besteak beste, esan du etorkizunean AP-1erainoko lotura bikoiztea posible izatea bilatu dutela proiektu berriarekin.
Aurrekontua
Proiektu horren aurrekontua 32-33 milioi eurokoa izango da.