"Martxa honekin aldarrikatu nahi duguna da emakumeek zein gizonezkoek euren artean berdintasuna izan behar dutela bai kirolean eta baita bizitzako arlo guztietan ere". Lander Goikoetxea Aresko Saskibaloi Taldeko koordinatzailearen arabera, aldarrikapen horren bueltan antolatu dute Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko lehenengo Emakume Martxa. Aresko saskibaloi taldearen ekimena izan da, emakumeen kirola sustatzen esperientzia luzea duen kirol elkartea. Saskibaloi esparrutik harago joan dira oraingoan, emakumeen kirola klubetik kanpora atera gura izan dute-eta.
Omenaldiak
Martxoaren 13an Aretxaletako Herriko Plazatik abiatuko da Emakume martxa, bertako emakume kirolari esanguratsu bati omenaldi xume bat egin ostean. Eskoriatzako Herriko Plazan izango du helmuga eta bertan ere beste emakume eskoriatzar bat omenduko dute. Datozen egunotan zehaztuko dute bi omenduak zeintzuk izango diren.
Martxa da, ez lasterketa
Atzoko prentsaurrekoan azaldu zutenez, martxa izango da eta ez lasterketa. Izena eman behar da otsailaren 25a baino lehen, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian edo Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian. Prezioa 3 eurokoa da eta hamarretakoaz gain, kamiseta bat oparituko diote parte hartzaile bakoitzari. Martxa antolatzeko, babesle pribatuez gain, bi udalen babesa jaso dute Berdintasun Sailetik.