Euskarari eta euskalgintzari bultzada emateko hausnartzen

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 22a, 16:00

Euskaltzaleen Topaguneak iazko udaberrian kaleratu zuen Berrikasi eta Berrikusi dokumentua aztertu eta eztabaidatu zuten Debagoieneko euskaltzaleek zapatu goizean Arrasateko Kulturaten. AED, Jardun, Loramendi, Txatxilipurdi, Ekin, Goiena eta ibarreko norbanakoak batu ziren Arrasaten.

Aipatutako dokumentua Topaguneko Topalabea gogoeta-lantaldeak egin du, eta bertan euskararen erronka berriei aurre egiteko tresnak aurkitu nahi dituzte. Hala, gai nagusietako bat euskaltzale eta ez euskaltzaleen artean eta familia politikoen artean adostu beharreko zoru komuna da.

Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek aipatu zuenez, badira Berrikasi eta Berrikusi dokumentuan errepikatzen diren zenbait ideia. Bata, hizkuntza komunitatearen baitan zoru komun bat eratzearena euskararen inguruan.

Dokumentuak jasotzen duen beste ideia bat, euskarari bultzada bat emateko adostasun sozial eta politiko zabalagoa bilatzea da. Bestalde, Mendizabalek autoritate zientifiko baten beharra ere azpimarratu du, hau da, zientzian oinarrituko liratekeen norabide batzuk markatu lituzkeen erakunde bat. Bukatzeko, diskurtsoak garai berrietara egokitzeko beharra nabarmendu du.

Herritarrak protagonista

Mendizabalek azaldu duenez, euskalgintzan fase berri bati ekiteko lagungarri izango da Berrikusi eta Berrikasi dokumentua, eta adierazi du fase horretan gizarte eragileak izan behar direla protagonista.

Euskararen gaia politizatzeak jendearen inplikazioa arriskuan jar dezakeela uste du Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak.
Bestalde, zoru komun bat eratzeak gizartearen zatiketa ekidin dezakeela ere adierazi du.

Parte hartzaileek aipatu dute dokumentu honetan garrantzitsuena hausnarketa dela, eta bertan jasotakoak aurrera egiteko bide emango duela, baita ekarpen berriak egiteko aukera eman ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak