Gipuzkoako udalek aurreikusitakoa baino 7,4 milioi gehiago jasoko dituzte Udalak Finantzatzeko Foru Fondotik. Hala iragarri zuen atzo egindako Gipuzkoako Finantzen Kontseiluan Jabier Larrañagak, Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuko diputatuak.
Guztira 437 milioi euro jaso dituzte Gipuzkoako udalek, 2014an baino %4 gehiago; hortik 429 milioi euro dagoeneko jasota dituzte 2015ean zehar. Gainerakoa, hau da, 7,4 milioi euro, otsailaren 25ean iritsiko dira. Pozik hartu dute albistea Udal ordezkariek.
Kopuru hori "era horizontalean" banatuko dutela udalen artean jakinarazi du Aldundiak, eta lurraldeko udalerri nagusienek jasoko dituzte diru partidarik handienak. Debagoienera ia 635.000 euro iritsiko dira, Aramaioko datuaren faltan, Arabako Foru Aldundiak ez duelako horren berri eman oraindik. Gainerakoen artean, gehien, Arrasateko udalak jasoko du, 222.000 euro pasatxo. Hona udal bakoitzak jasoko duena:
Udala | Likidazioa (euro) |
Antzuola | 22.045 |
Aretxabaleta | 69.950 |
Arrasate | 222.623 |
Bergara | 149.893 |
Elgeta | 11.561 |
Eskoriatza | 41.213 |
Leintz Gatzaga | 3.826 |
Oñati | 113.620 |
Albiste pozgarria izan arren "zuhurtzia" eskatu die udalei Larrañaga diputatuak eta "baliabideei ahalik eta etekin gehien ateratzeko". Arrasateko alkatea bat etorri da aholkuarekin.